Datorren ikasturtean Oiartzungo haur eskola doan izango da. Urmendi haur eskolara bideratzen duen ekarpen ekonomikoa igotzea erabaki du Udalak eta orain arte gurasoek ordaintzen zuten irakaskuntzari dagokion kuota beregain hartuko du. Datorren ikasturtean, beraz, familiek jantokiko hileroko kuotak besterik ez dituzte ordaindu beharko.

Udaletik azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak duela aste batzuk iragarri zuen Partzuergoaren bidez kudeatzen dituen haur eskolen zerbitzua doakoa izango zela, baina erabaki honetatik kanpo utzi zituen udal haur eskolak. “Urmendi eta EAEko beste hamabi proiektu doakotasun honetatik kanpo utzi ditu Hezkuntza Sailak. Honek oiartzuarrengan sortzen duen bereizketa eta kaltea ekiditeko hartu du Udalak erabakia”, argitu dute. Hortaz, datorren ikasturtean Udalak 689.000 euroko ekarpena egingo du.

Esan bezala, 2023-2024 ikasturterako izango da neurria eta Eusko Jaurlaritzarekin aurre begira irtenbideak aztertuko ditu Udalak, zerbitzua doakoa izan dadin eta udal aurrekontuan hain eragin handia izan ez dezan.

Aurrematrikula formalizatzeko epea maiatzaren 8tik 19ra izango da eta bertan edukiko dute gurasoek erabaki honen inguruko informazio gehiago jasotzeko aukera. Guraso berriek ere aukera dute eta baldin-tza berrien inguruan informatzera azaldu daitezke.

1999an eratu zuten Urmendi Oiar-tzungo Udal Ikastola Partzuergoa Udalak eta Haurtzaro Ikastolak. Urtean 1,12 milioi euroko aurrekontua du proiektuak. Orain arte 579.000 euro jartzen zituen Udalak (gastu osoaren erdia), 340.000 euro Eusko Jaurlaritzak eta 200.000 euro familiek, irakaskuntza eta jantokiko hileroko kuotekin.

Familiek ordaintzen duten irakaskuntza kuota beregain hartuta, 689.000 euroko ekarpena egingo du Udalak (110.000 euro gehiago) eta zerbitzuaren %62 finantzatuko du.

Udalak egingo duen esfortzu ekonomikoari esker, datorren ikasturtean jangelako kuota bakarrik ordaindu beharko dute gurasoek beraz.