Urretxuko San Joan pilota txapelketa asteazkenean hasiko da. Urteroko moduan, afizionatu mailako pilotari onenek parte hartuko dute. 19.00etan Irribarriak Rekalderen aurka jokatuko du (lau t’erdian) eta ondoren Labakak eta Aizpuruk, Oskoz eta Cuairanen aurka.

Zuzendaritza berriak hainbat aldaketa egin ditu. Partidak larunbat goizetatik asteazken arratsaldeetara pasatzea erabaki dute. Izan ere, pilotariek txapelketa asko dituzte asteburuetan. “Bestetik, ikusle kopurua handitzeko aukera bezala ere ikusi dugu. Hori dela eta, maiatzaren 10etik hasita, asteazkenero, 19.00etan, final laurdenak zein finalerdiak jokatuko dira. Finala San Juan bezperan izango da, ekainaren 23an, 18.30ean hasita”, azaldu dute antolatzaileek.

Pilotariei dagokienez, aurten, bi modalitate izango dira: promesak buruz buru eta afizionatuak binaka. Promesetan, Irribarria eta Etxeberria bezalako izena eta ospea duten pilotariak ikusi ahal izango dira. Horrez gain, herriko pilotariei ere protagonismoa eman nahi izan diete Armaolea eta Ibarluzearen partaidetzarekin. “Afizionatu mailan berriz, Labaka, Murua, Elola, Oskoz edota Azketa bezalako aurrelari ikusgarriak izango ditugu. Aitor Mendizabal, aurreko urteko txapelduna eta herrian hain maitatua den pilotari antzuolarra ere txapelaren defentsan egongo da Lizeagarekin batera”.