Hernaniko Kultura sailak eta auzo elkarteek ekimen berri bat antolatu dute elkarlanean: Kultur bira, auzoz auzo. Kultur ekitaldiak herrigunetik eta ohiko aretoetatik atera eta auzoetara eramatea da egitasmo horren helburu nagusia. Guztira, hamar auzotan beste hainbeste kultur emankizun antolatu dira, maiatzetik urrira bitartean. Musika, an-tzerkia, zirkua, txotxongiloak, magia eta jolasak izango dira ikusgai.

Asteazken arratsaldean egindako aurkezpenean, Nagore Irastortzak, Kultura teknikariak, eman zuen ekimen horren sorreraren nondik norakoen berri: “Udalak, urtero, auzo elkarteei diru laguntzak banatzen dizkie, eta 2023rako 24.000 euro gehiago erantsi ditu aurrekontu horretan”. “Udalak zenbait proposamen jarri zituen mahai gainean auzo elkarteek erabaki zezaten diru hori nola banatu. Auzo elkarte gehienek erabaki zuten auzoetan kultur jarduerak sustatzera bideratzea diru horren kopuru bat, kultura sustatu eta jarduerak deszentralizatzeko helburuarekin”, azaldu zuen.

“Auzo elkarteei borondatez parte hartzeko aukera eman zitzaien eta erantzuna oso ona izan zen, guztira, hamar elkartek parte hartuko dute bira honetan: Ereñotzu, Karabel, Kaxko, Latsunbeberri, Osiñaga, Portu, Sorgintxulo, Txantxilla, Zelabide eta Zikuñaga”, aipatu zuen.

Elkarte bakoitza arduratu da bere auzoko jarduera aukeratu eta antolatzeaz, auzoaren nortasunari eta auzotarrei lotuta. Horrela, bereziki publiko familiarrari zuzendutako programazioa osatu dute.

Egitaraua

Lehenengo emanaldiak datorren astean izango dira. Honela, hilaren 12an Txantxillan, Andoni Ollokiegiren kontzertua egongo da 19.00etatik aurrera.

Maiatzaren 14an, musika izango da protagonista ere. Portun Arbasoak taldea arituko da 19.00etatik aurrera.

Hilaren 26an Gabriel Zelaia plazan, Pirata Garrapata antzezlana ikusteko aukera egongo da 17.00etan. Bi egun beranduago, hilaren 28an, Karabel auzoan, Zirkoteke zirko ikuskizuna izango da 16.30ean.

Ekainean ez da ekitaldirik izango, baina uztailean auzoetan zer gozatuaz izango da: 14an, Zikuñagako ermitan, Ilargiren musika emanaldia; 15ean, Osiñagako Añarregi baserrian, Nikole eta Juneren kontzertua; eta 20an, Ereñotzuko frontoian, Janus Lester arituko da.

Gainontzeko emanaldiak iraila eta urrian izango dira.