“Askotariko sentsibilitateak ditugun pertsonok osatzen dugu taldea, eta horrek egiten gaitu aberats. Begirada desberdinak, baina helburu berberak ditugu: Bergara bizitzeko herri hobea izan dadin nahi dugu, eta horretarako lan egiteko konpromisoak eta gogoak batzen gaituzte. Ilusioa, esperientzia, ekintzailetasuna, jakintza, bizitasuna, entzuteko prestutasuna eta beste hainbat ezaugarri ditugu”, azpimarratu zuen atzo alkate eta berrauketarako EH Bilduren hautagai den Gorka Artolak, datozen lau urteetan ondoan izango duen taldearen aurkezpenean.

2019an hasitako bideari jarraitu, eta “lankidetza eta partaidetzan” oinarritutako ereduan sakontzen aurrera egin nahi du koalizio abertzaleak, “jasotako Bergara grisari kolorea ematen jarraitzeko” xedearekin.“Bergarararrak, denak, ondo bizitzea helburu estrategikotzat hartuta, ongizatea hobetzea, ekonomia biziberritzea, ekintzailetasuna sustatzea, herri parekidea izatea, zaintzen duen herrirantz urrats eraginkorrak ematea, ingurumena zaintzea… lan ildo hartuta”, gaineratu zuen alkategaiak.

Artolarekin batera, hautagai-zerrenda honako hauek osatzen dute, hurrenkeran: Ainhoa Lete, Aitor Narbaiza, Maite Usabiaga, Aitor Aranzabal, Zihortza Marzan, Jesus Telleria, Olatz Manuel, Markel Azkargorta, Eider Usobiaga, Iñigo Alberdi, Rosa Narbaiza, Andoni Moñux, Maitane Arteaga, Iñigo Zaitegi, Lupe Olabarria eta Josu Agirrezabal.