Errenteriako Sagardo Egunaren XXXV. edizioa ospatuko da larunbatean, usadioari eutsiz eta pandemia atzean utzita. 38 sagardotegik parte hartuko dute aurten.

Aurtengo Sagardo Egunak ohiko formatua izango du. Honenbestez, festa 12.00etan hasiko da Foru plazan egingo den lehen txotxarekin. Bitarte horretan, dultzaineroek, trikitilariek, txistulariek, dantzariek, txalapartariek edota bertsolariek herriko kaleak girotuko dituzte.

Arratsaldeako txotxa, aldiz, Zumardian izango da 18.00etatik aurrera. Bertan dastatu ahal izango da Euskal Herriko 38 sagardogileren azken urteko uzta. Horretaz gain, Eusko Labelen eskutik, txahala erreko da, baita hau dastatu ere. Gainera, Ataungo talogileak egongo dira presente. Eta, jakina, kale animazioak jarraituko du.

Horretarako, edalontzia hartzeko aukera izango du bertaratzen den orok. Edalontziaz gain, gosea ase-tzeko pintxoa, leporako zapia eta sagardotegi batean bazkaltzeko zozketa-zenbakia lortuko dira.

Antolatzaileek herritarrei kaleak eta plazak betetzeko deia luzatu zieten, “euskal giroaz eta sagardoaz” lagunekin eta hurbilenekoekin gozatzeko.

Alabaina, Sagardo Egunaren arduradunek festaren aurkezpenean adierazi zutenez, “egun zoragarria” antolatzeko bidea “neketsua eta trabaz” betea izan bada ere, norbanako eta eragileen laguntza eskertu nahi izan zuten. Esker on hitzak izan zituzten Eusko Labela, Uriña, Carrefour, Alcampo, Hostoak, Askabide, Errenteriako Udala, De Cine Reyna eta Arkaitza tabernentzako, Amatxi, eta Super Amararentzat.

Urtero bezala, Sagardo Egunaren aurkezpen ekitaldian, festaren alde lan egiten duten pertsonak omendu zituzten. Aurten bi pertsonaren jarduna errekonozitu dute, Juanfer eta Idoia Arbelaitzena. Emaitz Muruak bertso bat eskaini zien eta amai-tzeko bi omenduek sagarrondoa landatu zuten Arramendiko magalean, eta hurrengo batean sagasti “eder” horren “uzta bikaina” jasoko dutela aipatu zuten. Beraien lan nekaezina eskertu zuten Sagardo Eguna aurrera ateratzeko.

Idoia Arbelaitz urte luzetan izan da Sagardo Egunaren antolakuntzaren aurpegia eta oso ezaguna da herrian, Juanfer bezala. “Gogorazi behar dugu pertsona hori ezinbestekoa izan dela Sagardo Egunaren antolaketa lanetan. Hasiera-hasieratik eskaini dio herritar horrek bere gogoa, ilusioa, denbora horrelako jai bati; hastapenetik, alegia”, esan zuten Juanferrengatik. Artistak, gainera, jaiari bere irudia eman zion.