La Salle-Legazpi ikastetxeko mendi taldeak 2020an bete zituen 25 urte, baina ezin izan zuten ospatu pandemia zela eta. Orain behar bezala egin ahal izango dute eta 600 mendizale baino gehiago elkartzea espero dute.

Mendi taldea 1995an sortu zen. Lehenago mendira joateko ohitura zuten, baina ez horren modu antolatuan. Taldea Alfredo Bueno irakasleak sustatu zuen. 2006-2007 ikasturtean fraideek ikastetxea utzi zuten eta gurasoek hartu zuten mendi taldearen ardura. Hiru aitek hartu zuten. Egun, Roberto Santamaria da arduraduna.

28 urte hauetan 500 mendi irteera baino gehiago egin dituzte. Gehienak, Gipuzkoan. Gabonetako oporren aurretik Irimora joaten dira eta jaiotza jartzen dute bertan. Ikasturte amaieran kanpaldia egiten dute. Burgosen, Kantabrian eta Asturiasen egon dira, besteak beste. Aurten, Ordesara joango dira.

25. urteurrenak ospatzea merezi zuen eta, berandu bada ere, igandean festa egingo dute. La Salle ikastetxeetako mendi taldeak eta Gainzuri ikastetxeko eta Urretxu-Zumarraga ikastolako ikasle eta gurasoak gonbidatu dituzte.

Parte-hartzaileak 8.45ean elkartuko dira, La Salle-Legazpi ikastetxean. Santa Barbarara igoko dira eta ondoren Neberatik Urretxuko plazara jaitsiko dira. Bertan, hamaiketakoa egingo dute. Ondoren, Antiora igoko dira. Kanpokoek ermita ikusteko aukera izango dute. Bukatzeko, Eitzatik La Salle-Legazpi ikastetxera jaitsiko dira.

Bertan, Urretxu eta Zumarragako udalei Ostadar eta Goierri mendi taldeei, La Salle-Legazpi ikastetxeari eta Alfredo Buenori oroigarriak oparituko dizkiete. Musika jarriko dute eta haurrek puzgarrietan jolasteko aukera edukiko dute. Gainera, parte hartzaile guztiek paella jana egingo dute. Festa 18.00etan bukatuko da.