Oinezkoek dute lehentasuna Zumarragan duela urte batzuetatik, udalak bide horretan hainbat obra egin baititu. Adibidez, autoak ezin dira dagoeneko Soraluze kalean sartu eta Legazpi kalean oinezkoek lehentasuna edukiko dute. Obra hori egin aurretik, Jai Alai kalekoa egingo du. Espainiako Udalerrien Federazioak 513.679 euroko diru-laguntza emango dio Zumarragako Udalari Jai Alai kalea oinezkoentzat erosoagoa eta seguruagoa egiteko. Aurrekontua 527.783 eurokoa da. Laguntzarekin ia obra osoa ordainduko da, beraz.

Zelai Arizti aretoaren aldean espaloi zabal bat egingo da. Errepidearen maila berean egongo da, baina beste kolore bat izango du. Seguru aski, plazan jarri diren baldosa berdinak jarriko dira. Autoei dagokienez, Zelai Ariztiko aparkalekura eta garajeetara doazenak bakarrik sartu ahal izango dira Jai Alai kalera. Gainera, karga eta deskargarako puntuak jarriko dira, autoak oinezkoen tokian sar ez daitezen.

Zumarragako Udalak Hiri Osasungarrien Sarearekin bat egin du eta horren eskutik jasoko du diru-laguntza: oinezkoentzako toki seguruagoak lortzearen truke. Dirua Europako funtsetatik helduko da. Euskal Herria 29-35eko irisgarritasuna hobetzeko eta GI-2632 errepidea bulebar bilakatzeko laguntzak ere eskatu dira, baina ez dira lortu.

Astearteko osoko bilkuran, lagun-tza jasotzea eta lizitazio espedientea onartu ziren. PSE-EEk alde bozkatu zuen eta EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Zumarragak abstentzioa eman zuten. Elkarrekin Zumarragako Ines Benitezek Jai Alaiko obra ez dela lehentasunezkoa eta herriko beste toki ba-tzuetan premia handiagoak daudela esan zuen.

Mikel Serrano alkateak herriko beste toki batzuetan ere lan egiten ari direla edo lan egingo dutela gogoratu zuen: Mendizabal poligonoa, Esteban Orbegozo, Legazpi kalea, Ibaiondo... “Jai Alai kalean jende asko ibiltzen da, kultur etxea eta Zelai Arizti aretoa bertan daudelako eta La Salle-Legazpi eta Gainzuriko ikasleak bertatik pasatzen direlako. Diru-laguntza horregatik lortu ahal izan dugu. Beste bi egitasmotarako ere eskatu genuen eta ez dugu lortu”.

Osoko bilkuran mugikortasunarekin lotutako beste gai bat landu zen: mesedetakoen elizatik gertu dagoen 1.800 metro koadroko lursail bat erostea onartu zen, bertan aparkaleku bat egiteko. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Lursaila Elizkale atzealdean (Antiora igoeran) dagoen aparkalekuaren ondoan dago (UGLEra eta Antiora oinez igotzeko bidearen beste aldean). Udalak 92.300 euro ordainduko du lursailaren truke. Aparkaleku berriak 100-120 autorentzako tokia izango du. Aparkaleku horri esker, erdigunetik aparkalekuak kendu ahal izango dira oinezkoei lehentasuna emateko.