Jolaserako eta mugimendurako espazio berri bat egokitu dute hilerri zaharrean Usurbilgo Udalak eta Udarregi ikastolak. Hainbat elementu ditu eremu berriak: kalistenia, bi zutabedun txirrista, aire-birakaria eta zabua... Arabako Lurkoi enpresak gauzatu du lana.

Ikasleekin egindako parte-har-tze prozesu baten bidez jaso zituzten bere nahiak eta beharrak. Ondoren, gurasoz eta irakaslez osatutako kanpo espazio taldeak bideratu zuen proiektua. Lantalde horrek, hain zuzen, LH4-DBH4 adin tarteko ikasle eta irakasleei galdetegi bat pasa zieten eta jasotako emaitzetan garbi ikusi zuten ikasleek mugimendu beharra zeukatela.

Jolaserako ez ezik, elkargune eta atseden gunea ere bada. Eta, bestetik, klaseak kanpoan emateko bi gune daude, bankuak borobilean jarrita. Hau ere ikastolak eta Udalak elkarlanean burutu dute.

Ikastolaren komunitatea, azken urteetan, kanpo espazioaren erabileraren eta genero berdintasunaren inguruko hausnarketa etengabean ari da, eta horren ondotik sortu da espazio berria.

Kanpo espaziorako gune berriak elkarlanean egokitzeko hitzarmena sinatu zuten Udalak eta ikastolak eta honen baitan gauzatu zen ere Udarregiko plaza borobilean jarri zen rokodromoa.

Aurrekontua, guztira, 13.000 eurokoa izan da. Udalak eta ikastolak 4.000na euro jarri dituzte eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak 5.000 euroko dirulaguntza eman du.