Altzibarrek auzotarren-tzat gune estali bat izango du laster. Izan ere, Oiartzungo Udalak 30 metro luzeko frontoi estalia egiteko proiektua martxan du. Aldagelak, komun irekiak eta harmaila txiki batzuk ere izango ditu.

Uda amaieran hasiko ditu lanak eta milioi bat euroko inbertsioa jarriko du Oiartzungo Udalak gune hau egiteko. Proiektua idazketa fasean dago orain.

Duela urtebete hasi zen Udala altzibartarren eskaera nagusia izan den frontoia egiteko auzoan zeuden aukera ezberdinak aztertzen. Azkenean, Olaldeko zelaia, eremu egokiena zela iritzi zioten.

Bertan mendiak duen altuera aprobetxatu eta bere erliebearen ondoan egingo da frontoiko pareta nagusia, horrela inguruarekin integratuta gelditzeko eta inpaktu txikia izateko. Trafikorik ez du inguruan, baina iristeko erraza da bidegorria bertatik pasatzen delako.

Inguruan dauden etxebizitzetatik ahalik eta urrutien egitea lehenetsi da (etxeetatik 30 metrora egongo da). Espazio berriak berdeguneak eta mahaiak ere izango ditu.

Udalak altzibartarrei proiektua aurkeztu zien eta bilerara bertaratu ziren auzotarren oniritzia jaso zuten proiektuak eta lekuak. Izan ere, frontoia ez da bakarrik kirola egiteko gune bat izango. Horretaz gain, bizilagunak elkartzeko, jolasean ibiltzeko edo festarako aterpea izango da ere.