Síguenos en redes sociales:

BIDASOA-TXINGUDIN EUSKARAZ

Zortzi puntuko beherakada izan du euskararen erabilerak Hondarribiko kaleetan 2016tik 2021era

% 24,6 tik %16,3ra jaitsi da, soziolinguisika klusterrak udalerrian 2021ean eginiko hizkuntzen erabileraren kale-neurketaren arabera

Zortzi puntuko beherakada izan du euskararen erabilerak Hondarribiko kaleetan 2016tik 2021eraN.G.

2016tik 2021eko epean, zortzi puntuko beherakada behatu da euskararen erabileran Hondarribiko kaleetan (%24,6tik %16,3ra). Hala erakutsi du Soziolinguistika Klusterrak Hondarribian 2021ean eginiko hizkuntzen erabileraren kale-neurketak. 

Ikerketa egiteko, Klusterrak herrian bizitza soziala agerikoen den eremuetan egin zuen behaketa, hala nola, Zimizarga, Amute-Kosta, Puntaldea, Akartegi, Portua eta Alde Zaharra. Horietan guztietan 84 orduko datu-bilketa burutu zen eta kaleetan behatutako 13.646 solaskideak zein hizkuntzatan hitz egiten ari ziren jaso zen, ezin bazen jakin pertsona horiek hondarribiarrak ziren ala ez. Aldi berean, ikerketa honetako laginean pisu handiena biztanle helduek (%52,9) hartu zuten, ondoren adinekoek (% 26,1), jarraian haurrek (%12,7) eta azkenik gazteek (%8,4). 

Gauzak horrela, ikerketa-garaian, udalerriko kaleetan topatu ziren lagunen % 16,3 euskaraz ari ziren, eta gainerakoak gaztelaniaz (%75,3), frantsesez (%6,4) eta beste hizkuntzetan (%1,9). 

Klusterraren ustez, Hondarribiko joera beherakorra ulertzen lagun dezake behatutako solaskideen profilari begiratzeak. Izan ere, 2021ean haur gutxiago zeuden 2016an baino, eta horiek dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Bestalde, ibilbideetan jasotako laginen bilakaerek ere eragina izan zuten, Puntaldean nahiz Portuan solaskide gehiago entzun baitziren hizketan 2021eko neurraldian, eta horietan behatu zen, zehazki, erabileraren jaitsiera garrantzizkoa.

Etxeko erabilera

Eremuz eremu, Zimizargan euskararen erabilerak 8 puntu egin zuen gora 2016tik 2021 bitartean (%25,2tik %33,6ra). Gainerako zonalde guztietan, aldiz, erabilerak behera egin zuen: Akartegin eta Amute Kostan ia erdira jaitsi zen (%31,2tik %15,1era, eta %31,8tik %17,3ra, hurrenez hurren), Alde Zaharrean %20,9tik %12,7ra, Portuan %20,6tik %12,3ra eta Puntaldean %20,9tik 16,9ra.

Hala ere, Hondarribiko euskararen erabilera (%16,3) Euskal Herriko (%12,6) eta Bidasoa Behereko (%7,5) datuen gainetik dago, EAEko datuekin (% 15,7) nahiko paretsu, eta Gipuzkoako (%30,6) datuen azpitik.

Bestalde, euskara-gaitasunari dagokionean, hondarribiarren artean ia hiru laurdenak dira euskaldunak (%63,7)eta beste %15,9k euskara ulertzen dute. Beraz, hamar biztanletatik zortzi dira euskaraz hitz egiteko edo hizkuntza ulertzeko gai. Gainera, lehen hizkuntza euskara edo euskara eta gaztelania dutenek biztanleriaren %49,8 osatzen dute eta etxeko erabileran euskara edo biak erabiltzen dituztenak %46,8 dira. Hau da, Klusterrak adierazten duenez, etxeko kideen artean, zenbat eta gehiago izan euskara lehen hizkuntza modura dutenak orduan eta erabilera handiagoa izango dela etxeko giroan.

Haurrak, euskaraz

Aldea txikia bada ere, Hondarribian emakumezkoen euskarazko erabilera gizonezkoena baino altuagoa da (%16,9 eta %15,6, hurrenez hurren). Dirudienez, eta Klusterrak bere txostenean dioenez, egoera hau ohikoa da Euskal Herri osoan.

Hondarribian 2 eta 14 urte bitarteko haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%37,4) eta 15 eta 24 urte bitarteko gazteak gutxien egiten dutenak (%9,8)

Adinari dagokionez, gaitasun eta erabilera-datu nagusiak aztertuz, Hondarribian haurrak (2-14 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%37,4), horretarako gaitasuna %88,6k badu ere. Gazteen artean (15-24 urte) alde handia dago ere gaitasuna eta erabilerari dagokionean (%86,3, erabilera %9,8). Helduen kasuan (24-65) gaitasuna % 57,2koa da eta erabilera %15,2koa eta, azkenik, adinekoen %54,4ak du gaitasuna eta %10,4ak euskara erabiltzen du kalean.

2016ko datuekin alderatuz gero, euskararen kaleko erabilera 4 puntu jaitsi da haurren kasuan, 1,5 gazteenean eta 5 puntu helduen eta adinekoen kasuan.

Horri lotuta, ikerkertaren arabera haurrek euren arteko taldeetan gehiago egiten dute euskaraz (%28,4), nagusiak haurrik gabe daudenean baino (%10,1). Bestalde, euskara gehien entzuten den egoera haurrak eta nagusiak elkarrekin osatutako elkarrizketa taldeetan daudenean (%38,1) da. Klusterrak azaltzen duenez, haurrak solaskide izateak ia lau aldiz igotzen du taldeko euskararen erabilera. 

Ikerketaren ondorioetan, klusterrak datozen urteetako bilakaerari begiratzekoan, haurren eta gazteen joerei erreparatzea garrantzitsua izango dela aipatzen du. Aldi berean, Hondarribian datu ezkorrak agertu zirela azpimarratzen dute, erabilera-datuek behera egin baizuten, eta joera negatiboa adin-talde guztietan gauzatu dela. Hala ere, datu positiboak ere badaudela diote, izan ere, haurren arteko euskararen erabilerak gora egin baitzuen.