1995eko abenduan hil zuten Iñaki Mendiluze Txugi eta Urola futbol taldean arrastoa utzi zuenez, handik hilabete gutxi batzuetara Urolak bere oroimenezko futbol txapelketa antolatu zuen. Aurten 26.a egingo da. Ostegun Santu egunean (apirilaren 6an) izango da, Zumarragako Argixao futbol zelaian.

Iazko moduan, emakumezkoen zortzi taldek eta gizonezkoen beste zortzik parte hartuko dute. Emakumezkoen txapelketan 2009an eta 2010ean jaiotako neskek parte hartuko dute. Haur mailakoak. D multzoan Real Sociedad, Intxaurdi (Donostiako Intxaurrondo auzokoa), Aloña Mendi (Oñatikoa) eta Urola taldea arituko dira. E multzoan, berriz, Dux Logroño, Elgoibar, Lakua (Gasteiz) eta Goierri Gorri taldeek jokatuko dute.

Gizonezkoen txapelketan 2011n jaiotakoek parte hartuko dute (kimu mailakoak). A multzoan Real Sociedad, Eibar, Arnedo eta Arrasate taldeak lehiatuko dira eta B multzoan Alaves, Aloña Mendi, UDA (Aretxabaleta) eta Urola.

Txapelketaren lehen fasea 9.30ean hasiko da eta bigarrena 12.30ean. 12.25ean, klubak eta senitartekoek lore eskaintza egingo dute Mendiluzeren oroimenezko monolitoan.

Partidak beheko eta goiko zelaian jokatuko dira. Guztiek 20 minutuko iraupena izango dute. Lehen fasean talde guztiek hiru neurketa jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko bi onenak Txapeldunen Ligara pasako dira eta hirugarren eta laugarren postuan sailkatzen direnek Kopa jokatuko dute. Batean zein bestean, finalerdia, hirugarren posturako partida eta finala jokatuko dira. Kopako finala 14.00etan jokatuko da eta Txapeldunen Ligakoa 14.30ean. 15.00etan sari banaketa egingo da.