Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan, Urnietako Udalak prestaturiko egitarauaren barruan, emakume erreferenteen inguruko mural lehiaketa antolatu zen gaztelekuan.

Izaro Andres abeslari bizkaitarra irudikatzen zuen proposamena izan zen bozka gehien jaso zituena, Lide Lizeagak, Sayuri Francok eta Hayat Serranok egindako lana, hain zuzen. Egileek haien proposamenaren aurkezpena egiterako orduan argudiatu zuten, Andresek emakumeen eta berdintasunaren alde lan egiten duela eta bere abestien bidez jarrera hori islatzen dela. Bestalde, azpimarratu zuten beraientzat garrantzitsua dela Andres gertuko pertsona bat izatea, hau da, Euskal Herriko emakume erreferente bat jarri nahi izan dute balorean.

Lehiaketaren aurkezpenean azaldu zen moduan, proposamen irabazlearen egileek haien lana gaztelekuko barruko pareta batean pintatzeko aukera izango dute.