Pandemia gainditu ondoren, mundu mailako krisi ekonomikoaren ondorioei aurre egiten ari da Mutrikuko Udala ere. Hala ere, zenbait proiektu garrantzitsu garatzea lortu dute legealdi honetan.

Zein da Mutrikuko alkatearen azken lau urteetako balorazioa?

Lau urte hauek ez dira errazak izan orokorrean. Hala ere, bi aldi ezberdin bereizi behar dira. Lehen garaia covid-19ak eragindako pandemiak baldintzatu zuen erabat. Esku artean genituen proiektu handiak geratu eta herritarrak zain-tzera bideratu ahalegin guztiak. Bigarren aldia, pandemia ostekoa, proiektu handiak berriro esku artean hartzeko garaia izan da. Baina guztioi gainera etorri zaigun mundu mailako krisi ekonomikoak eragin handia izan du, lehengaien garestitzearekin. Horrela ikusirik, badirudi ez dugula ezer egiteko aukerarik izan, baina ez da inondik inora horrela izan. Gauza asko egiteko aukera izan dugu momentu bakoitzean, baina gehiago egitea zen helburua.

Pandemiak proiektu handiak geratu zituela aipatzen duzu, baina bestelakoak egin ziren ezta?

Pertsonen ongizateak eta elkar zaintzak berebiziko garrantzia hartu zuen pandemia garaian eta hor herritarren arteko laguntza eta elkarlanarekin topatu ginen. Egunero aldatzen zen informazioa helarazi, lasaitasuna igorri eta ahal zen moduan normaltasunera hurbiltzeko bideak eskaini. Esaterako, herri askotan kultur ekimenak bertan behera geratzen hasi ziren momentuan, guk kultur ekitaldiak eskaintzen jarraitu genuen, nahiz eta antolaketak zailtasun asko izan. Herriko komertzio nahiz enpresen bidelagun ere izan ginen, herritarrekin zaintza sareak osatu genituen, udalaren eta herritarren arteko komunikazio bideak indartu eta berriak sortu eta momentu zail hark eskatzen zituen beste hainbat ekintza ere egin ziren. Horiek guztiek aurreikusitako plangintza aldatu zuten, baina momentuan beharrezkoak ziren.

Pandemia amaitu eta normaltasuna etorri zen?

Pandemia amaitu eta denbora gutxira guda batek mundua berriro ere hankaz gora jarri zuen. Lehengaien garestitzea eta ondorioz aurreikusitako proiektuen garestitzea ere etorri zen. Hala ere, zenbait proiektu handi gauzatu ditugu, besteak beste, urteetan egoera txarrean zeuden herri-bideak konpontzea eta Goizeko Izarra ikastetxeko patioa estaltzea. Baina inbertsio askorik behar ez duten gauza ugari ere egin ahal dira. Esaterako, gurean irisgarritasun arazoak ditugu, herriak dituen ezaugarriengatik. Egun, bi igogailu berri egiten ari gara, baina bitartean, txikiak izan arren, herriko irisgarritasuna hobetzeko aktuazioak egin ditugu: espaloien irisgarritasunerako maldak egin, eta erdiguneko Konde eta Atxitxin kaleetan harlauza jarri galtzada-harria zegoen lekuan, esaterako. Lanketa hauek identifikatzerako orduan herriko zenbait pertsonarekin egin genuen parte-hartze prozesua, irisgarritasun zailtasunak dituzten herritarren esperientziek berebiziko garrantzia dutelako.

Parte hartze prozesuei garrantzia handia eman diezue azken urteetan. Hain beharrezkoak ikusten dituzue?

Herritarrekin harremanetan egotea oinarrizkoa dela uste dugu. Udalak herritarren ahots, iritzi eta nahiak entzun behar ditu, bere esku dagoen heinean gehiengoaren nahia betetzen saiatzeko. Azken lau urte hauetan ez dira gutxi izan aurrera eraman ditugun parte-hartze prozesu, inkesta eta auzo batzarrak. TAOren inguruan urtero galdetzen diegu herritarrei euren iritzia moldaketak egin eta hobetzen jarraitzeko, parke-sareak parte hartze prozesuari esker herriko parkeen inguruan dauden beharrak identifikatu ditugu, animalien ordenantza berria onartu aurretik herritarrek euren iritzia eskaini ahal izan zuten eta urtean behin gutxienez herritarren aurrean jarri izan gara auzoetako arazoak entzun eta ondoren irtenbideak eskaintzeko. Horretaz gain, herritarrek herrian zehar konpontzeko dauden arazoen inguruan Udalari jakinarazteko mugikorreko aplikazio bat ere jarri genuen duela hilabete batzuk. Parte-hartze prozesuak, galdeketak eta komunikazio bideak irekitzeak herritarren eta Udalen artean egon ohi den urruntasun hori txikitzeko ezinbestekoak dira.