Euskarak egiten gaitu euskaldun eta herri, beste ezerk ez bezala”, hala dio Beasaingo alkatea den Leire Artola jeltzaleak. Izan ere Beasaingo Udalak euskararen erabilera sustatzea du heburu nagusi: “Abertzale garen heinean, kezkatik baino arduratik ikusten dugu euskararen erabilera ahalik eta gehien zabaltzearena. Euskara erakargarri izatea behar du euskaldunon egiteko behinena”.

Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Beasainen eginiko Hizkuntzen erabileraren kale-neurketak erakutsi du herriko kaleetan hamar lagunetatik hiru ari zirela euskarazko elkarrizketetan (%32,8), bi heren baino apur bat gutxiago gaztelaniaz (%61,8) eta beste hizkuntzetan ari zirenak %6a zirela. Gainera, Beasainen, euskararen erabilerak hiru puntu egin du behera azken zortzi urteetan; bi puntu gora, aldiz, 2001etik 2021erako bilakaera aintzat hartuta.

Emakumezkoek gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino Beasainen eta zenbat eta adin-tarte gazteagoa izan, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera udalerrian. Ikerketak azpimarra jartzen du gazte zein helduetan gertatu den euskararen erabileraren bilakaera positiboan. Kezkagarria dela deritzo, berriz, haurren erabileran gertatu den bilakaera negatiboa. 

Adin berekoen arteko elkarrizketetan azaleratu da, bestalde, gazteek zertxobait gehiago egiten dutela euskaraz euren artean daudenean adin desberdinetako beasaindarrekin eratutako taldeetan daudenean baino. Haurren, helduen nahiz adinekoen kasuan, ordea, erabilera jaitsi egiten da euren adin-tartekoekin soilik daudenean.

Ikerketaren arabera, Beasain Goierriko herririk handiena bada ere, euskararen gaitasun- eta erabilera-datu apalenak dituen eskualdeko udalerria da. Beraz, zer egin daiteke euskarak merezi duen tokia izan dezan? Leire Artolaren hitzetan, “begiak ezagutzan eta erabileran jarri”. 

Aittu! Euskara Elkartearen lan ona

“Azpimarran jarri nahi nuke Aittu! Euskara taldearen ibilbidea. Txalotu eta babestekoa. Etengabeko bidea da guretzat hau, eta zehar lerro denez, erdigunean jartzen jarraituko dugu”, dio Beasaingo alkateak. Aittu! Euskara Elkartea Beasainen euskal giroa berpizteko, kultur elkarte eta euskaltzale guztien indarrak batzeko eta euskararen erabilera sendotzeko helburuz sortu zen 2019. urtean.

D eredua nagusi

Azken urteetan Goierrin eskolatu diren haurren %95ak D ereduan ikasten du, hau da, ikasketen %100a euskaraz egiten dituzte. Euskadin, berriz, haurren %67ak soilik egiten ditu ikasketak euskara hizkuntza nagusi izanda. Ikasle asko beste herrialde batzuetakoak dira, eta euskararen bitartez integrazioa sustatzen da.