Lesoinu XXXVII. Aste Pedagogiko Musikala burutuko da Lezon bihartik martxoaren 30era arte. Guztira, hilabete honetan hamabost ekitaldi eskainiko dira. Lesoinuren helburu nagusiak musika zaletasuna sustatzea eta Tomas Garbizu musika eskolako ikasleak motibatuta edukitzea dira.

Horregatik, Lesoinuren egitarauan goi mailako artisten emanaldiak herriko talde eta ikasleen kontzertuekin uztartzen dira. Musika emanaldiez gain, formazio ikastaroak eta beste jarduera batzuk ere eskainiko dira; adibidez, kontzertu pedagogikoak, proiekzio bat edo dantza.

Lehenengo ekitaldia bihar Amaia Elizagoienek eskainiko duen Basoko sekretuak izenburuko antzezlana izango da. Emanaldia 17.15ean hasiko da Gezalan. Larunbat eguerdian kantujira eta arratsaldean Beko Plaza (Zumaia) eta Sutargi abesba-tzen kontzertua izango da Gezalan. Igandean, Tomas Garbizu musika eskolako txistularien diana egongo da eta arratsaldean, Gezalan, Eñaut Zubizarreta Triggerrek, cello garaikidean espezializatutako musikariak, bere azken lana aurkeztuko du.

Amaitzeko, Lesoinurekin lotuta, baina maiatzaren 6an, ukelele ikastaroa egongo da.

Ekitaldi gehienak doakoak izango dira edukiera bete arte. Sarrera behar duten ikuskizunetarako www.lezo.eus webgunean eskuratu daiteke. Egitarau osoa, udal webgunean aurki daiteke.