Pasa den ostiralean Gloria Martinez de Gereñuk eta Jose Ramon Hernandezek Legazpiko Gizarte Sariak jaso zituzten. Ekitaldia kultur etxean egin zen eta hasi aurretik minutuko isilunea egin zuten, auto istripuan hil diren Andoni Zabaletaren eta Igor Iñurritegiren omenez.

Ekitaldian herritar asko elkartu ziren eta aretoa txiki gelditu zen. Izan ere, Hernandez eta Martinez de Gereñu oso ezagunak eta maitatuak dira Legazpin. Martinez de Gereñuri bere bilobak eman zion lore sorta eta Hernandezen alaba Inmak testu bat irakurri zuen familia osoaren izenean. Gurasoak goraipatu zituen. “Aitak, bere lanarekin, gizartearen hobekuntzan inplikatzea zein garrantzitsua den irakatsi digu. Amak ere hori transmititu digu, duela gutxira arte Nagusilaneko eta minbiziaren aurkako elkarteko boluntarioa izan baita. Eredu zarete guretzat eta oso harro gaude zuetaz!”, esan zuen omenduaren alabak.

Koldobike Olabide alkateak eta Eric Galvez zinegotziak Juan Mari Burgueraren eta Ricardo Mediavillaren artean egindako orogarriak eman zizkieten bi omenduei. Legazpiko alkateak boluntariorik gabe ez dagoela urruti joaterik onartu zuen eta pertsonen arteko harremanaren garrantzia azpimarratu zuen.

Urte asko lanean

Martinez de Gereñuk Nagusilan eta Caritasen lan egiten du eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia izan zen. Hernandez Nagusilaneko boluntarioa da eta guraso elkarteetan lan handia egin du. Biek Udalari eskerrak eman zizkioten eta legazpiarrak gizartearen alde lan egitera animatu zituzten.

Legazpiko Udaleko Gizarte Ekin-tza sailak sortu zituen iaz Gizarte Sariak, eta aurten bigarren aldiz eman ditu. Gizarte arloan herritarrek egindako lanari aitortza egitea dute helburu. Sariaren bidez, “programa eta proiektu desberdinetan parte hartzeagatik, borondatez laguntza eskaintzeagatik eta Legazpiko gizarte lan komunitarioan egindako lanagatik nabarmendu diren pertsonak edo erakundeak aitortu eta eskertu” nahi ditu Udalak.