Nondik dator zure zain artistikoa?

Txiki-txikitatik. Akordatzen naiz nola istorioak asmatzea asko gustatzen zitzaidan, nola mahaiaren bueltan abesten genuen etxekook, nola irakurtzen genituen ipuinak, nola joaten ginen pailazoak ikustera... Eta noski, horrek guztiak barruan arrasto bat uzten dizu. Orain jasotakoaren gainean sortutakoaz nire egoera eta inguru partikularrari erantzuten saiatzen naiz, norbaiti noizbait arrastoren bat utziko diodanaren esperantzan.  

“Gustura egingo nuke ikus-entzunezko zerbait edo monologo bat. Hala ere, oholtzatik jaitsi eta eskulanak ere egingo nituzke”

Txikitatik mila saltsatan ibili zara: abesbatzak, magia, musika, Potx eta Lotx, an-tzerkia... Zer falta zaizu probatzeko?

Ba gustura egingo nuke ikus-entzunezko zerbait edo monologo bat! Hala ere, oholtzatik jaitsi eta eskulanak gustura egingo nituzke. Esate baterako, txikitatik liluratu izan naute beiragileek edo arotzek. Beira edo egurrarekin egiten den gauza asko magia izan daitezke. Momentuz ez dut hori garatzen hasteko astirik, baina egiari zor, gustura hasiko nintzateke.

Antzerkiarekiko zaletasuna pizteko Irazan antzerki gunea sortu zen Oñatin. Zer balorazio egiten duzue ekimen honen ibilbideaz?

Oso ona; zalantzarik gabe. Aurten zortzi urte beteko ditu Irazanek eta harrotasunez bete-tzen gaitu honek. Bere aparraldia izan zuen, beherakada gero..., baina egun lau proiektu bizi dira gune horretan, eta esan dezakegu poliki-poliki herrian gero eta zale gehiago dagoela, eta hori poztekoa da.

Zer sentitzen da oholtzara igotzean?

Ardura, gehienbat. Jendea zu ikustera dator eta zerbait espero du zugandik. Sentitzen duzu ezin diozula publikoari huts egin eta beti uste duzu hobeto egin dezakezula. Hasieran zama izugarria da hori, baina denborarekin arindu egiten da, eta eskerrak. Izan ere, jakin behar da gauza bakar batek ezin duela publiko guztiaren oniritzia jaso, eta jende bati gustatuko zaiola eta beste bati ez. Dendan bezala: tomate klase bat erosten duzu. Ez bazaizu gustatzen, hurrengoan beste bat hartuko duzu, eta listo. Gure artean ere berdin. Emanaldia gustatu ez zaion horri ez da berriz etorriko, eta ez da ezer gertatzen. Hori da gerta litekeen txarrena, pentsa... Badira oholtza gainean lasai aritzeko motiboak.

Taula gainean Potx ere bazara. Nola da jendeari barre eginaraztea?

Aurreko galderaren ildo beretik, hau sekulako ardura da. Bizitza zikoitz honetan, barre pittin bat egitea opari bat da norberarentzat eta ingurukoentzat. Zuk hori egin dezaten motibo bat eman behar diezu eta ez da batere erraza. Umorea oso kode konplexua da eta geruza asko dauzka; beraz, esan nahi duzunetik jasotzen denera askotan distantzia handia dago eta barrea beharrean haserrea sor dezakezu. Gertatu izan zaigu. Pena..., baina jende asko azalean geratzen da, eta hori izaten da umorearen gaitz handienetako bat, azalean geratzen den jendea.

Oñatiko sudur gorriek lekua hartu dute jada panorama artistikoan, ezta?

Hori zuek esan beharko duzue, kar-kar! Aurten, adibidez, konturatu gara, Inauteriak pasata, Euskal Herriko txoko batzuetan Potx, Lotx, Izaskun eta Xabi Sound-ez mozorrotu dela jendea eta hori opari bat da; gauzak ondo egiten direnaren zeinu garbi bat. Pozik gaude lortu dugunarekin eta aurrera jarraitzeko daukagun ilusioarekin.

Debagoieneko Antzerki Plataforma. Zer da DAP?

Besteak beste, Debagoieneko antzerkigileen indarrak batzeko sortu genuen plataforma bat da. Azken urteetan lan handia egiten ari gara sormen eta programazioari begira, batez ere. Baina bost lan-lerro ditugu martxan: DAP Formazioa, DAP Sormena, DAP Plazara, DAP Komunikazioa eta DAP Bidelagun.

“Eskaini ditugun sormen egonaldiak EuskalHerriko antzerki talde profesional zein amateurrei bideratuak izan dira”

Bultzatu dituzuen proiektuen artean sormen egonaldiak, ‘Behatxulo’ eta ‘Afizioz’ delakoak daude. Azaldu zertan datzan.

Eskaini ditugun sormen egonaldi hauek Euskal Herriko eta Debagoieneko antzerki talde profesional zein amateurrei bideratuak izan dira. Bertan, denbora tarte batez haien ideia gorpuzteko eta forma emateko espazio bat eta baliabideak uzten dizkiegu. Kasu honetan, Elgetako Espaloia Kafe Antzokia eta Antzuolako espazioak dira. Behatxulo programaren bitartez, hil honetan zehar debagoiendarrei aukera emango diegu lanketa horietan gertatutakoa ikusteko. Modu horretan sormen prozesu baten nondik-norakoak ere bizi ahal izango dituzte. Honez gain, Afizioz lehiaketa martxan jarri dugu Euskal Herriko bost talderen parte hartzearekin.

Foru Aldundiak lurraldeko hiru proiektu finantzatuko ditu Europar Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilen-tzia Planeko Next Generation funtsen bidez. Horietako bat DAPekoa da. Nola hartu zenuten erabakia?

Sorpresaz harrapatu gintuen, erabat. Ez genuen espero. Gainera, esan eta esan ari ziren halako laguntza jasotzea oso ezohikoa zela eta, horregatik, ez dakit ere nolatan eskatu genuen. Eskerrak Amaia Castañeda lankideak insistitu zuen behin eta berriz. Izan ere, horri esker, Behatxulo eta Afizioz moduko egitasmoak egin ahal izango ditugu. Gainera, modu duinean egongo da guztia ordainduta, eta hori elkartegintzan guztiz poztekoa da!

“Edozein igo daiteke agertokira, edozeinek sukaldatu dezakeen bezala. Entrenatzea, gogoa izatea eta pasioz bizitzea egiten duzun hori”

Zer trebetasun izan behar dira agertoki batera igotzeko? 

Edozein igo daiteke agertorkira, edozeinek kozinatu dezakeen bezala. Ez da berdina makarroi batzuk egitea edo bestelako delicatessen bat. Orduak sartzea da, entrenatzea, gogoa izatea eta pasioz bizitzea egiten duzun hori. Erronka etengabea.