Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Trikitixaren ganbara erakusketa inauguratuko du bihar, martxoak 11, Basazabal Jauregian (lehen solairuan). Erakusketara hurbiltzen direnek trikitixaren historiari lotutako era guztietako elementuak aurkituko dituzte: historian zehar argitaratutako trikitixari buruzko erreferentzia zaharrak, Koldo Izagirre idazlearen testuek, argazki zahar eta berriak, trikitilari ezagunen soinu txiki eta panderoak, eta Urola Erdiko Trikigiro Elkartearen behin behineko argazki erakusketa.
Trikitixaren ganbara rakusketa 12.00etan inauguratuko da. Agur-tzane Elustondo, EHTEren lehendakaria, Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, Eneritz Albizu, kultur zinegotzia, eta Joseba Tapia, EHTEren lehendakari izandakoa eta musikaria, bertan izango dira. Trikitixaren soinua ere protagonista izango da bai erakusketaren aurkezpenean bai Azpeitiko kaleetan, trikitilariek kalejira batekin alaituko baitute goiza 11.30tik aurrera. Azpeitiko Plazan elkartuko dira trikitilariak, Faustino Azpiazu Sakabi zenaren etxe parean, antolatzaileek adierazi dutenez. Azpeitia fandangoa joko dute denek elkarrekin eta, ondoren, kalejiran, Enparan kalean barrena, Basazabal jauregiraino joango dira.
Museoa helburu
Euskal Herriko Trikitixa Elkartea 1991an abiatu zen ofizialki eta, hastapenetik, trikitixari eskainitako museo edo interpretazio gune bat osatzea oinarrizko helburuetako bat izan da “Hala, EHTE osatzen dugunok, poz handiz adierazten dugu etorkizuneko museoaren oinarri sendoa martxan jartzekotan gaudela. Azpeitiko Udalaren ezinbesteko laguntzarekin, Trikitixaren ganbara erakusketa iraunkorraren ate zabaltzeak helburu hori lortzeko bidean kokatzen da”, azaldu zuten EHTEko kideek.