Aurten ere, Gipuzkoako landa garapen proiektuei errekonozimendua egin asmoz, Landaola federazioak Landaola Sariak antolatu ditu. Lau sari emango dira: Erakunde Pribatuaren saria, Erakunde Publikoaren saria, Emakumeak Landa Eremuan saria eta Urteetako Ibilbideari saria. Erakunde Publikoaren sariari dagokionez, hautagaien artean Zumarragako azoka dago, bertako produktuak, kultura eta balioak eta Zumarragako aniztasuna batzen dituelako.
Beste bost hautagaiak Hondarribiko Udala (Bidez-Bide, landa-eremurako eskaripeko garraio-zerbitzua), Zubillaga-Oñati hiltegia (haragiaren balio katean hiltegiko zerbitzua hobetzeko egindako lanagatik), Eibarko Udala (Errebal plazako azoka), Amezketako Udala (ondare kultural eta naturala biltzen duen Pello Zabala gunea) eta Zarauzko Udala (merkatu plazaren eraberritzea) dira. Sari banaketa ekitaldia ostiralean izango da, Berastegiko udaletxean.