2023ko hauteskundeei begira, Jon Antxordoki Rekondo aurkeztu du Alkatetzarako Lasarte-Oriako EAJ/PNVk. 2015ean herrigintzan hasitako lasarteoriatarra, gaur egun Euskarako batzordeburua eta jeltzaleen bozeramailea da udaletxean. Beraz, Lasarte-Oriako EAJ/PNV taldeak, 2019ko hauteskundeetan bezala, Antxordokiren aldeko apustua egin du.

Datorren legegintzaldira begira, EAJ/PNVren erronka garrantzitsuena gaur egun indarrean diren kirol-azpiegituren proiektuak martxan jartzea da. Gogorazi dutenez, 2015eko hauteskundeetan Lasarte-Oriako EAJ/PNVk kirol-azpiegituren egoerari bultzada berri bat emateko proiektu integrala proposatu zuen: Atsobakarreko erabilera anitzeko gunea, Michelin kiroldegian kirolgune zentralizatua eta Lasarte-Oriako gimnasioekin hitzarmen bat udal kiroldegiko bazkideei zuzendua. “Udal talde honek demostratu du Lasarte-Oriaren etorkizunean eragina izan dezakeela, eta izaten jarraituko du”, aipatu du Antxordokik. Etorkizunari begira, argi esan du: “Nere seme-alabak eta zuenak hazi eta hezitzeko Lasarte-Oria bat nahi dut, bertan lasai bizitzekoa”.

Bestalde, alkategaiak elkarlanaren beharra azaldu du: “EAJ/PNVren hautagaitza osatzen dugunok Lasarte-Oriako gizarte-eragileen ehunean sinesten dugu eta ohituak gara auzolanera, Lasarte-Oria barru-barrutik ezagutzen baitugu, elkarlana esan eta praktikatzen dugu.”

Eta, horrekin batera, Antxordokiren hitzetan, “EAJ-PNVren ordezkariok kudeaketan eskarmentua dugu, eta herritarren eta erakundeen arteko elkarlanean sinetsi eta praktikan jartzen ohituak gara. Horregatik ere, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik egingo dugu lan. Lasarte-Oriaren alde sutsuki lan egin eta borrokatuko dugu, guztiok nahi dugun herri sendoa izan dadin.”

“Herriko zenbait eragilerekin hizketan ari gara gure 2023ko hauteskunde programaren xehetasunak kontrastatzen, eta, oraingoz, aurkeztu dugunak harrera ona izan du”, gaineratu du. “Ekarpenak jasotzeko prest gaude, gure bulegoa beti dago zabalik, urte guzti hauetan erakutsi dugun moduan”, aipatu du alkategai jeltzaleak. “Lasarte-Oria poten-tzial handiko herria da, eta, gizarte-eragileek duten indarra eta herriak dituen baliabideak uztartuz, 2030ko Lasarte-Oria irudikatzen ari gara”.

Antxordoki enpresa pribatuan eta alor publikoan eskarmentu handia duen alkategaia da, eta Udala barrutik ezagutzen du. Horregatik EAJ/PNVrentzat alkategai ezin hobea da.