Hainbat pelikuletako pertsonaiak hartu zuten atzo Lasarte-Oriako kaleak, besteak beste Mamu Harrapariak, Studio 54, El Padrinoko mafiosoak, Grease eta Coco. Oscar sari bat ere bertan izan zen. Izan ere, aurtengo inauterietako gai nagusia filmak izatea aukeratu zuten. Gai orokor bat izateak jaiak parte-hartzaileagoak egitea du xede.

‘Coco’ filmeko pertsonaiak.

Atzoko eguna konpartsa eta taldeen aurkezpenarekin hasi zen eguerdian, Oaintxe In Deu Txarangaren laguntzarekin.

Ondoren, Askatasunaren plazan ipinitako karpan herri bazkaria burutu zuten eta hau amaitzerakoan bingo erraldoia jokatu zuten bertan.

Orduan, 17.00etan, konpartsa eta kuadrilla guztiak Okendon bilduta, desfilea hasi zen, herritarrentzako musika-furgoneta mugikorrarekin.

Ibilbidea Okendo plaza, Kale Nagusia, Ola kalea, Zumaburu kalea, Kale Nagusia eta Hipodromo etorbidea izan zen, Okendo plazan amaituz.

Konpartsa guztiak iritsi zirenean, ilunabarrean, banakako mozorro-lehiaketa herrikoia eta parte hartu zuten karrozen lehiaketa burutu zen eta amaitzeko sariak banatu ziren.

Alabaina, parte-hartzaile guztiek askaria izan zuten, txokolate beroa banatu baitzitzaien.

Atzokoa, Lasarte-Oriako inauterien egun handia izan arren, aurten Udalak eta antolatzaileek esfortzu handia egin dute programa erakargarriago bat eta osatuago bat prestatzen.

Jaia gaur jarraitu eta bihar amaituko da sardinaren ehorzketa eta zezen suzkoarekin.