Zumarraga Berrikusi aplikazioa sortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Udalak: bizilagunei eta bisitariei herriari buruzko informazio guztia eskura jartzen dion aplikazioa.
Berrikusi Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren egitasmoa da. Proiektu pilotua Laudion jarri zuten martxan eta orain Zumarragara heldu da. Helburua tokiko ekonomia suspertzea da, jarduera guztiak dinamizatuz eta eguneratuz: merkataritza, ostalaritza, zerbitzuak, turismoa, kultura, kirola...
Egitasmoa atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak; Elena Moreno Merkataritza zuzendariak; Mikel Serrano alkateak eta Rosa Maiza zinegotziak parte hartu zuten. Hurtadok aplikazio hau pertsonak bere herriarekin konektatzeko erreminta dela esan zuen. “Gainera, erabiltzaileen ohiturak aztertzeko eta horrela zerbitzua hobetzeko aukera ematen du”.
Morenok herrietako ekonomiak suspertzeko oso baliagarria dela azpimarratu zuen. “Herritarrek beraien herriak hobeto ezagutzeko eta bizi-tzeko aukera ematen du eta gainera erakundeen, merkatarien eta herritarren arteko distantzia txikitzen du”.
Aplikazioa berrikusi.eus webgunean eskura daiteke. Ezagutzera emateko kanpaina datorren asteko larunbatean hasiko da. Karpa bat jarriko dute azokan.