Jai Batzordeak hala adostuta, inauterietako gaia Urnietako izarrak (abeslariak, musika taldeak…) izango da. Egitaraua otsailaren 18an kontzentratuko da eta ekintza mordoa izango da egunez zein gauez.

Hala, 12.00etan herriko taldeen ikuskizunak ikusteko aukera izango da Idiazabal kalean eta herrian zehar. 14.00etan berriz, gazteen bazkaria ospatuko da Egape ikastolan Poxta Zaharrek antolatuta.

17.00etan, Poxta Zaharrek antolaturiko kontzertua izango da Egapen. Ordu horretan bertan beste bi ekintza izango dira. Alde batetik, herritarren mozorro kalejira irtengo da San Joan plazatik, Bosko Anitz txarangak girotuta. Ondoren, mozorro onenaren sari banaketa egingo da Idiazabal kalean. Bestalde, Sorginek eta Topatuen taldeak antolatuta showak ikusgai izango dira Idiazabal kalean.

Azkenik, gaueko 22.00etan 80-90 hamarkadetako musika saioa izango da Idiazabal kalean.