Euskararen kale-erabilera indartu egin da Tolosaldean. Azken datuen arabera, 2017an %56,5ekoa zen eta 2021ean, berriz, %60,4ra igo da. Euskararen kale-erabilera gaztelaniaren (%37,1) eta gainerako hizkuntzen (%2,5) gainetik erregistratu da.

UEMAk eta Galtzaundi Euskara Taldeak egin ditu azken neurketak. 2021ekoan 52.000 hiztunen informazioa bildu da eskualdeko 28 herrietako kaleetan. Jasotako datuen bolumen handiak –2017an baino 9.000 hiztun gehiago jaso dira azken honetan–, fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea ahalbidetzen du.

Datuak xehetuz, haurrak (%78) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Ondoren gazteak (%68) daude, eta horiei jarraiki heldu-gazteak (%64), heldu-nagusiak (%51) eta adinekoak (%45). Bilakaera horretan azpimarra-tzeko da 39 urtetik gorakoen eta beherakoen artean dagoen aldea: 39 urtez azpikoek %72ko erabilera erregistratu dute, 39 urtez gainekoei %49ko erabilera neurtu zaien bitartean. Hala ere, aipatu, adin-tarte guztietan euskaraz elkarrizketa gehiago jaso direla gaztelaniaz baino, adinekoen kasuan izan ezik.

2017ko neurketarekin alderatuta, adin-tarte ia guztietan egin du euskarak gora: haurren kasuan, 4 puntuko igoera jaso da; helduenean 6 puntukoa; adinekoetan, berriz, puntu erdiko gorakada erregistratu da. Apur bat bada ere, gazteetan jaso da euskararen erabileraren beherakada da: puntu erdi bat jaitsi da gazteen erabilera Tolosaldean.

Sexuaren araberako euskara-erabilerari dagokionez, Tolosaldeko kaleetan behatutako emakumeen euskara-erabilera %62koa izan da, gizonezkoena %61ekoa izan den bitartean. Adin-tarte guztietan gertatzen den fenomenoa da emakumezkoek gizonezkoek baino euskara gehiago erabiltzea, 64 urtetik gorakoetan izan ezik. Adinekoen kasuan, gizonezkoek euskara gehiago erabiltzen dute emakumezkoek baino. 

Haurrak, euskaraz

Haurren presentziak ere zeresan handia du euskararen kaleko erabileran. Euskara-erabilera daturik altuenak haurrak bakarrik elkarren artean hizketan ari direnean jaso-tzen dira (%80). Haurrek nagusiekin batera elkarrizketan parte hartzen dutenean zertxobait gutxiago erabiltzen da euskara; kasu honetan %74ko euskara-erabilera erregistratu da. Baxuenak, berriz, nagusiak haurrak parean ez dituztenean jasotzen dira (%51). Azpimarratzekoa da nagusien kasuan, haurren presentzia soilak %69ra igotzen duela erabilera.

Tolosaldeko 28 herriak bertako biztanle euskaldunen portzentajeak kontuan hartuta aztertuz gero, desberdintasun nabarmenak ikusi daitezke emaitzetan. Horrela, euskaldunen portzentajea %65 eta %79 artean duten herrietan (Alegia, Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Tolosa eta Zizurkil), lau puntu egin du euskararen kale-erabilerak gora (2017an %54koa zen eta 2021ean %58koa da). Beraz, ikusi daiteke, erdaldunenenak diren herrietan, populazio handiena dutenak ere badira, euskararen presentzia gorantza doala kalean.

Txanponaren beste aldea dira euskaldunen portzentajea %80tik gora duten herriak. Alkiza, Altzo, Asteasu, Belauntza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Hernialde, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza eta Orendain dira euskaldunen portzentajea %80 eta %89 artean duten herriak. Hamaika herri horien kasuan, erabilerak lau puntu egin du behera lau urtean, %83tik %79ra, hain zuzen. Bestalde, Tolosaldean euskaldunen portzentaje altuena duten herrietan ere antzerako egoera jaso da kale-neurketetan. Herriko biztanleen %90 baino gehiago dira euskaldunak Abaltzisketan, Adunan, Albizturren, Amezketan, Baliarrainen, Berastegin, Elduainen, Gaztelun eta Orexan. Azken herri horietan, erabilerak 3,5 puntu beherakada izan du 2017tik 2021era, aurreko multzoko herrietako joerari jarraiki.

Beraz, argi ikusi daiteke, Tolosaldeko emai-tza orokorrek euskararen kale-erabileran gorakada erakusten badute ere, herri handienek azken emaitzan duten pisuaren ondorioa dela hori. Izan ere, Alegia, Amasa-Villabona, Anoeta, Ibarra, Irura, Tolosa eta Zizurkilen bizi dira eskualdeko biztanleen %80, eta horiek dira eskualdeko herririk erdaldunenak. Beraz, herri erdaldunenetan euskararen kale-erabilerak goranzko joera duen bitartean, arnasguneetan apaltzen ari da euskararen erabilera.

Udalerriko euskaldun dentsitateak zerikusi zuzena du erabileran, datuek erakutsi dutenez: euskaldun gehiagorekin, erabilera handiagoa. Espero izatekoa da. Euskaldunen dentsitatea eta trinkotasuna oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko, eta hori da, hain justu, udalerri euskaldunek euskararen normalizazioan jokatzen duten rol garrantzitsuenetako bat. Nolanahi ere, azken urteetan ohartarazi den moduan, ezin da pentsatu euskaldun dentsitate handieneko eremuak arriskurik gabe daudenik. Neurketak erakutsi du euskaldunak %80tik gora diren herrietan behera egin duela euskararen erabilerak. Ez da galera handia lau urteko tartean, baina bai arnasguneen bilakaerari buruzko beste zantzu bat. Bilakaera negatiboa izaten ari dira eremu horiek.

Tolosaldeko Mintzalaguna egitasmoko parte hartzaile talde bat elkarrizketan, Tolosako taberna batean. Galtzaundi Euskara Taldea

Mintzalaguna egitasmoan izen-ematea zabalik dago

Asko dira Euskal Herri osoan astero-astero euskara praktikatzen duten pertsonak Mintzalagun egitasmoaren baitan. Tolosaldea ere ugariak dira asteroko hitzorduari eusten diotenak eta Galtzaundi Euskara Taldeak ekimena hauspotu nahian ikasturte honetan ere izen-ematea zabaldu du bigarren aldiz. 

Mintzalguna taldeen funtzionamendua sinplea da. Astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko: bidelariak (euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak hizkun-tza praktikatuz) eta bidelagunak (euskara aise erabiltzen dutenak dira eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez izena ematen dute). 

Mintzalagun taldeetan Bidelagun bezala aritzeko aukera dago: pertsona askok euskaraz aritu nahi eta ez dute aukerarik inguruan horretarako lagunik ez dutelako. Beste zenbaitek euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dute eta guztiek Mintzalagun taldeetan aurkitzen dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera. Euskaltzale askok eman du Bidelari izateko saltoa, pertsona hauei euskaraz aritzeko aukera emanez eta, ein berean, herriz-herri euskaraz aritzeko espazioak zabaltzen lagunduz.

Urte hasiera denez, zabalik dago Min-tzalagun taldeetan izena emateko bigarren epealdia. Parte hartzeko hainbat aukera eta modu daude, eta informazioa lortzeko eta izena emateko Galtzaundi Euskara Taldera (Nafarroa Etorbidea, Tolosa) edota eskualdeko edozein udalera jotzea da onena.