Gaur ilunabarrean Errenteriako Ereintza taldeak ohiko kopla emanaldia eskainiko du herriko hainbat taberna eta plazatan, Santa Ageda bezpera ospatzeko. Ekitaldi hau nahi duten herritar orori irekia da.

Honenbestez, 18.00etan bilduko dira Ereintzako egoitzan eta 18.35ean Xabier Olaskoaga plazara iritsiko dira mendeurrena ospatzen duen Touring taldeari lehen emanaldia eskaintzeko.

Ondoren, Foru plazan izango dira bertso eskolako taldearekin batera, Joxepa Antoni bertsolaria gogoan izateko koplak abestuz.

Jarrraian, Leku Zaharran; Mikelazulon, Jon Bagüés eta Musikaste omenduz; Donostia sagardotegian, Garrintziren 50. urteurrena ospatuz; Gamon jatetxean; eta Paki Belardendan, joan direnak oroituz, izango dira.

Ilunabarreko 20.40ean, saioa egingo dute Irrintzi tabernan. Azkenik, Kilometroak 2023 Errenterian ospatuko dela gogoan hartuz, bertso eskolarekin batera amaiera emango zaio ekitaldiari 21.00etan udaletxeko arkupeetan.

Bertsoak Julian Albisturrek, Sabin Irastorzak eta Mikel Ugaldek prestatuak izan dira. Jon Martin bertsolaria koplari lanetan arituko da, zuzendaria Xabier Vesga izango da eta Doike eta Ereintzako txistularien laguntza izango dute.