Bihar, hilaren 4an, beasaindarrek neguko barazkiez gozatzeko aukera izango dute. Besteak beste, azalorea, azelga, brokolia, daikon arbia, kale aza, romaneskua eta ziazerba eskuratzeko azoka aproposa izango da. “Barazki horiek ur, zuntz, bitamina eta mineral ugariko elikagaiak dira. Sasoiko barazkiak jatea komeni da, gure gorputza egokitu dadin egokitzen zaion urtarora. Gure immunitate-sistema indartzen laguntzen duten bitamina eta mineral ugari ematen dituzten eta hotzeriei eta gripeei aurre egiten laguntzen digu”, azaldu du Udalak. Izan ere, dagoeneko sei urte dira Udalak hilaren hasierako merkatu berezi hori egitearen aldeko apustua egin zuenetik.

Barazkiak ez ezik, bertako eta kalitatezko beste produktu batzuk ere salgai izango dira Loinazko San Martin Plaza azpian kokatuta egongo diren postu batzuetan. Eztia, gazta, ogia, tartak, gailetak, haziak, loreak eta landareak eskuragarri izango dira. Horiez gain, artisau erara egindako poltsak, lepokokoak, umeentzako adur-zapiak eta abar saltzen dituen postua ere bertan izango da.

Ohikoa den moduan, tailerraren ordua ere izango du otsaileko azoka bereziak. Oraingoan, bakero oihalak erabiliz poltsak egiten irakatsiko du merkatuan postua jartzen duen Jenny Cruzek.

Programa

Goizeko 10.00etan zabalduko ditu ateak bertako produktuen azoka bereziak, 14.00ak arte. Udaletxeko plaza azpian kokatuta egongo da. 11.30ean Jenny Cruz azokakidearen tailerraren txanda izango da. 13.30ean, berriz, azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da merkatuan erosketak egiten dituztenen artean.

Programaren azkeneko zatia, 12.00etatik 13.00etarako tartea, musikaz girotua egongo da. Beasaingo Loinatz Musika Eskolako trikitilari- eta panderojoleek abestiekin alaituko dute lekua.