Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak bat egin du TOPA plataformak bihar, 12.00etan, Donostia Ospitalean egingo duen elkarretaratzearekin “Donostiako ospitalean artatuak izateko eskubidea defendatzeko”.

Ohar bidez azaldu dute azken urteetan eskualdeko osasun arretaren inguruko kezka eta larritasuna, eta uste dute hilabete hauetan egoerak ez duela hobera egin. “Gure herritarrek jasotzen duten osasun arretaren inguruko kezka egunez egun areagotu besterik ez zaigu egiten. Lehen arretaren kalitatea nabarmen jaisten ari da, eta hori nabaria da gure herrietan; itxaron zerrenda luzeak, osasun langileen ordezkoen falta, euskaraz artatua izateko ezintasuna... Hori gutxi balitz, eskualdeko ospitale publiko baten faltak arazoa areagotu besterik ez du egiten”. Hala, Osakidetza inflexio puntu batean dagoela uste dute eta orain dela garaia etorkizuneko osasun sistema publiko baten oinarriak zehazteko.