Eragile eta norbanako talde bat Tolosako Inauterietan plaza Berrian “bide berri bat ekiteko” prest agertu da. Tolosako Udalak egin duen txandakatze proposamena probatzea “merezi duen bide bat” dela uste dute eta euren egitasmora batzeko deialdia luzatu diete herriko beste eragile eta norbanakoei.

Horrela argudiatu dute euren iri-tzia: “Tolosar guztiok bezala, guk ere oso argi dugu, Euskal Herri plaza dela edozein motatako festa antolatzeko tokirik egokiena, herriko plazarik handienetakoa da eta, gainera, Alde Zaharrean. Ez da kasualitatea beraz, gure herriko plazarik solizitatuena izatea. Baina ulertzen dugu ere, gure herrian antolatzen diren festen zama ezin dela beti berberen gain erori, are eta gehiago Tolosa bezalako herri bizi batean”.

Inauteriak ondo pasatzeko une bat direla esan du mobilizatu den taldeak eta badakitela horrelako festa batek ondorioak ere badituela, “bereziki Alde Zaharreko bizilagunek pairatzen dituztenak; zalaparta, jende pilaketa...”. Horrela, onar-tzen dute festen ondorio horien zama “beti ezin dela bizilagun berberen gain utzi”.

Bide honetan, aldarrikatu dute “herritar guztiek dutela inauteriez gozatzeko eskubidea, eta eskubide hori guztiz zilegiak diren eragileon eta norbanakoon beharrekin uztar-tzen saiatu behar” dela eta honakoa gaineratu dute: “horregatik pentsa-tzen dugu tolosar guztiok gure herriko jaiez gozatzeko dugun eskubidearen logikatik, Tolosako Udalak egin duen txandakatze proposamena frogatzea merezi duen bide bat dela. Denborak esango digu bide hau egokia den ala ez”.

Jakitun dira abiatzear dauden bidea “ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula”. Beste urte batzuetako esperien-tzia badugu, baina Plaza Berrian bide berri bati ekitera goaz”, gaineratu dute.

Festa gune herrikoia

Agerraldia eskaini duen taldearen iritziz, “azken 45 urteetako Inauterietan beti egon da mota guztietako aldarrikapenak edota berdintasunean oinarritutako baloreak jaiarekin uztartu dituen festa gune herrikoien bat, izan Plaza Berrian, Alondegia plazan edota Euskal Herria plazan, eta izan bajera formatuan, txosna formatuan edota karpa formatuan”.

Horrela, Inauteri “euskaldun, feminista eta ikuspegi kultural batetik ahalik eta anitzenen” alde egin dute, eta horregatik “euskaran, parekidetasunean edota aniztasunean oinarritutako baloreak, gure herriko inauterietara irradiatuko dituen gune baten aldeko apustua” egiten dute.

Amaitzeko, abitzear dauden “bidaia honetan gure bidai lagun” izan nahi duten Tolosako beste eragile eta norbanakoei deia luzatu diete datorren otsailaren 3a baino lehen eurekin harremanetan jartzeko. Interesa dutenek inauteri.herrikoiak@gmail.com posta elektronikora idatzi behar dute.