Jose Luis Ruiz Palenzuela eta Felipe Davila urretxuarren Deluxe Photo Video estudioak bodas.net webgunearen Wedding Awards saria irabazi du.

Bodas.net ezteiak prestatzeko beharrezkoa den guztia eskaintzen duen webgune bat da. 50.000 enpresa baino gehiago daude bertan. Wedding Awards webgune horretako enpresa onenei ematen zaien saria da. Aurten 10. edizioa antolatu da.

Ruiz Palenzuelaren eta Davilaren Deluxe Photo Video estudioak Gipuzkoako argazkilari onenari dagokion saria lortu du. Saria webgunearen erabiltzaileek ematen dute. Deluxe Photo Videok Bergaran du estudioa, baina Urretxun ere bulegoa du (Labeaga 35, Keros).

Ruiz Palenzuela eta Davila ez dira azken egun hauetan sari bat irabazi duten Urretxuko argazkilari bakarrak. Izan ere, Carlos Mediavillak Matematika Argazki Lehiaketa irabazi du. Lemniskata Goierriko zien-tzia sare herrikoiak eta Beasaingo Argizpi argazkilaritza elkarteak antolatu dute, Urtarrila, matematikaren bila zikloaren barruan.

Argazkilari urretxuarrak ibilbide luzea du argazkilaritza munduan eta makina bat sari irabazi ditu. Oraingo honetan ere bere trebezia erakutsi du, Phi izenburua duen argazkiarekin. Saria irabazteko balio izan dion argazkian eskailera kiribil bat ageri da, era zenitalean.