Arkupehotsak “sortzaile berrien plazaren” edizio berritua otsailean hasiko da. Proiektuan parte hartuko duten lau sortzaileek, txandaka, sormen egonaldia egingo dute Dinamoan, eta hainbat musikari izango dituzte bidelagun. Lehen egonaldia Maialen Aristegik egingo du, eta hark otsailaren 5ean eskainiko du zuzenekoa, 18.30ean, Sanagustin kulturgunean.

Zehaztuta daude Arkupehotsakeko bosgarren edizio honetako gainon-tzeko kontzertuak ere: Lemak taldea otsailaren 26an igoko da Sanagustingo arkupeko ohotzara; Lorea Zulaika Kadira, martxoaren 26an; eta Enerhitz, apirilaren 23an.

2017an Azpeitiko Kulturaz kooperatibak abian jarritako proiektua da Arkupehotsak. Jada lau edizio osatu ditu sortzaile berrien plaza izan nahi duen ekimenak. Tarte honetan dozenaka taldek zapaldu dute Sanagustingo arkupeko oholtza. Bitartean, Kulturaz kooperatibaren proiektua bera ere osatzen joan da; ekitaldietatik haratago sormen eta transmisio proiektu ugari garatzen ditu orain.

Ekimenaren bidez, Dinamoa sormen guneko soinuaren eremuko ateak irekiko dira lehen aldiz. Sormen egonaldien bidez, esperientzia osoago bat eskainiko zaie musikari gazteei: musika sortu, ikasi, prestatu eta plazaratzeko aukera bat. Doinu berrien plaza ez ezik, laborategia, ikasteko eta esperimentatzeko espazioa izango da Arkupehotsak. Bide honetan, sortzaile berriei jardunerako tresnak eskaintzea, inguruan ditugun sortzaileak balioan jartzea eta belaunaldi berriei plaza bat ematea dira proiektuaren xedeak.