Azpeitiako helduen danborradak berrikuntza nagusi bat izango du. Pantxoa eta Peio taldearen Batasuna abestia gehituko zaio errepertorioari, eta plazan taldeek joko duten azken abestia izango da. Haritz Arakistain danborrada batzordeko kideak azaldu moduan, “betiko kantuez gain, kanta herrikoien bat ere jotzea ederra izango litzatekeela pentsatu genuen, eta aurten kantu berri bat izango dugu”.

Lagun artean sortu zen duela bi urte Patxoa eta Peioren Batasuna kanta Azpeitiko abestien errepertorioan txertatzeko aukera. “Danborrada pasio dugunok askotan hitz egiten dugu gai hauen inguruan, edozein bazkaloste edo afalostetan, eta iruditzen zitzaigun polita izaten dela Donostian Konstituzio plazan jotzen diren kanta herrikoiekin sor-tzen den giroa, eta gurean ere kantu herrikoiren bat jotzeko aukera ikusi genuen”, azaldu du Haritz Arakistainek.

Gainera, Juan Jose Arakistain Pino zenak nahiko garbi zuen nola bereizi behar ziren danborrak eta barrikak, eta askotan azaldu zuen. Tamalez, ezin izan zuten 2021 urtean estreinatu kanta, pandemia tarteko, eta aurten iritsiko da unea. Modu honetan, Unai Frantsesena udal musika bandaren zuzendariari eman zioten abestia barriken-tzat eta danborrentzat prestatu zezan, eta zegozkion moldaketak egin zitzan.

Azpeitiarekin lotura berezirik ez du Batasuna kantak, baina kantu herrikoi polita iruditzen zaio danborrada batzordeari: “Letra ezaguna du eta kantatzeko aukera ematen du. Herri honen kultura eta historia oso ondo islatzen dituela uste dugu eta, plazan ondo funtzionatuko duelakoan eta giro polita sorraraziko duelakoan gaude”.

Entsegu berezirik ez dute egin helduen danborrada osatzen duten 30 taldeek abesti berria presta-tzeko, baina bideo bat zabaldu dute norberak erritmoa har dezan. “Egin ditugun entsegu orokorretan txundituta geratu naiz eta uste dut oso oso ondo aterako dela, jendearen erantzuna ere oso ona izaten ari da”, aurerratu du Haritz Arakistainek.

Abestia, beraz, bezperako eta San Sebastian eguneko bandera jaitsierako danborradetan joko dute, eta bi egunetan plazan joko duten azken doinua izango da. Horrela, plazan gauerditik aurrera hamar pieza en-tzungo dira, Batasuna barne, eta kalean beste pieza bat gehitzen zaio, Hau dek hau. “Ikusiko dugu errepertorioan betirako geratzen den, baina ez litzateke txarra”, onartzen du Arakistainek.

Sortu berri den danborrada ba-tzordeak gai hau eta beste hainbeste ditu mahai gainean, beti ere danborradaren onerako. “Egiten diren bi bilerez gain, uste dugu hainbat gai, kezka, arazo, behar... landu daitekezkela, eta horregatik sortu dugu danborrada batzordea. Orain forma ematen ari gara eta ofizialki 2024 urtean jarri nahi dugu martxan”, amaitu du.

GAUR

  • 22.00. Olazko Andre Mariaren plazatik irtenda, helduen danborrada.
  • 00.00. Talde guztiak plazan elkartuko dira, eta danborradako piezak joko dituzte. Gauerdian Ardozaleek 50. urtemugako oroigarria jasoko dute udaletxean.

BIHAR, OSTIRALA

  • 9.00. Izarraitz txistulari taldearen eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen goiz eresia.
  • 9.30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeek kalejira egingo dute plazatik hasita, eta Udal Musika Bandako musikariak eta Juan Antxieta musika eskolako txilibiteroak izango dituzte lagun.
  • 10.15. Udal ordezkariak udaletxearen aurretik parrokiara joango dira.
  • 10.30. Prozesioa, alde zaharrean barrena.
  • 10.45. Meza nagusia, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzetako eta Azketa ahots taldeko kideek parte hartuko dute.
  • 12.00. Sokamuturra, Erdikaletik aterara, plazan. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
  • 12.30. Haurren danborrada (gaur eguerdian erabakiko dute bihar edo igandean egiten den). Arana kaletik eta Artzubia hiribidetik aterata, kalez kale ibiliko dira hamar taldeak, eta plazan bukatuko dute. Juan Antxieta musika eskolak omenaldia jasoko du. Halaber, danbor taldeekin batera aterako da karroza.
  • 16.30. Sokamuturra, Erdikalean hasita. 20.00etara bitartean ohiko ibilbidea egingo du sokamuturrak. Lopene ganadutegiko zezenak izango dira.
  • 23.15. Bandera jaitsierako danborradaren hasiera. Bustinzuriko Errebaletik abiatuko dira jaitsieran parte hartuko duten taldeak (Gastadoreak, Zulozabal, Loiolatxo, Itsasi, Harkaitza, Etxera, Basazabal eta Iraurgi SB), eta Alde Zaharrean kalejira eginda, plazan bukatuko dute ibilbidea.
  • 00.00. Banderaren jaitsiera plazan. Udal Musika Bandak joko ditu danborradako piezak, zuzenean.

LARUNBATA

  • 22.00. Willis Drummond, Ro eta Trini Fox taldeen kontzertua Sanagustin kulturgunean.

IGANDEA

  • 12.00. Zezen Beltzek antolatuta, sokako zezen txikia Erdikaletik plazara. Ondoren, Bergarako Zezenak ganadutegiko zezen txikiak eta poniak plazan.
  • 16.30. Erdikalean hasita, sokamuturra; ohiko ibilbidea izango du 20.00etara bitartean. Bergarako Zezenak ganadutegiko zezenak izango dira.xx