Atleta txikiz beteko dira igande honetan Tolosako erdiguneko kaleak bi urteko hutsunearen ondoren. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, espero dute 850 neska-mutilek parte hartzea.

Pandemiaren ondorioz, Ero Etxe elkarteak ezin izan du antolatu haurrak protagonista diren kros herrikoia. 1987 urteaz geroztik antolatzen du Tolosako elkarteak lasterketa hau urtarrileko hirugarren asteburuan. Aurten XXXIV. edizioa beteko du ekimenak eta antolatzaileak pozik daude urtez urte parte-hartzaile kopuruak gora egiten dutelako. 2019ko edizioan, pandemia aurretik ospatu zen azkena, 700 neska-mutilek parte hartu zuten eta aurten espero dute 850 korrikalari izatea.

Ohikoa den egitaraua izango du igandean Tolosako Udalaren eta beste hainbat enpresen babesa duten lasterketak. Lehenengo korrikalariak 11.30ean aterako dira, infantil mailako gizonezkoak (bi itzuli luze, 2.800 metro); ondoren, 11.45ean emakumezko infantilak hasiko dira korrika (itzuli motz bat eta luze bat, 1.950 m.); segidan 12.00etan gizonezko alebinak (itzuli luze bat, 1.400 m.); ondoren 12.15ean emakumezko alebinak (itzuli luze bat, 1.400 m.); jarraian, 12.25ean gizonezko benjaminak (bi itzuli motz, 1.100 m.); eta azkenik, 12.35ean emakumezko benjaminak (bi itzuli motz, 1.100 m.). Itzuli motzak San Frantzisko, Foruen etorbidea eta Zumalakarregi kalea zeharkatuko ditu eta luzeak, aldiz, alde zaharreko kaleak ere gehituko ditu.