Udala landa lurrak mugatzen ari da Zumarragan. Herria hamaika poligonotan zatitua dago eta 1-5 poligonoetako lursailak mugatzeko proiektua amaitu da jada. 6-11 poligonoetako partzelekin hasi dira.

Lehen fasea martxan jarri aurretik, 1-5 poligonoetan 511 partzela zeuden jasota. Bi partzela desagertu egin dira eta 21 partzela berri azaldu dira. Hala, 1-5 poligonoan 530 partzela daude egun. Ia guztiak mugatuta daude. Hamahiru bakarrik daude mugatu gabe. 1-5 poligonoetan 120 lurjabe daude.

Egitasmoa martxan jarri aurretik, 1.093 mugarri zeuden poligono horietan. Egun, 1.893 daude. Hau da, 803 mugarri berri jarri dira. Lursailen %97,55 mugatu da.

Alegazio bakar bat egon da, jabeek emandako datuak aztertu dira, mapa eta ortoargazki zaharra kontsultatu dira eta proposamen bat egin da, baina jabeek ez dute onartu. Beraz, katastroko mugei eutsi zaie.

Lursail jabe guztiek gutun bat jaso dute. Bertan, mugatutako landa partzelen liburuxken banaketaren berri eman zaie. Liburuxkak jasotzeko, udaletxera jo behar dute otsailaren 1a baino lehen.

Aldundiaren laguntza

Zumarragako landa lursailak muga-tzeko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzekin egiten ari dira. Geograma enpresa da lanez arduratzen ari dena.

Lehen fasearen aurrekontua 45.280 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 22.640 euroko dirulaguntza eman du. Bigarren fasearen aurrekontua 55.344 eurokoa da eta Aldundiak 18.941 euroko dirulaguntza eman du.