Hernaniko Biteri kultur etxean urtarriletik ekainera bitarteko kultur egitaraua aurkeztu zuten atzo.

Arte eszenikoei dagokienez, aipagarria da apirilean Biterik hartuko duen estreinaldia: Erreka ondoan, bi gezur dantza garaikideko emanaldia, Mari Zaunka kolektiboarena.

Musikari dagokionez, euskal artistek disko eta proiektu berriak aurkeztuko dituzte, esaterako, Igor Elortzak eta Rafa Ruedak, Anonyme Popular; eta Eñaut Elorrietak eta Sara Azurzak ere lan berriak ekarriko dituzte. Musikari hernaniarrek ere izango dute lekua: Anarik Chillida Lekuko Zabalaga baserrian eskainiko du kontzertu akustikoa (sarrera oso gutxi daude) eta aipagarria da Karena taldeak euskal kantuen bertsioekin Milagrosan emango duen kontzertu intimoa.

Antzerkiari dagokionez, haurren-tzako emanaldiak, ohiko moduan, hilean behin izango dira, otsailetik maiatzera. Aipagarria da oholtza gaineko emanaldien itzulera.

Helduen antzerkian, “umorea izango da emanaldi guztietako elementurik esanguratsuena”, nabarmendu zuen, Nagore Irastortza kultur teknikariak.

Zinemari dagokionez, “zirkuitu komertzialetik kanpoko proposamenak izango dira”. Matrioskak, las niñas de la guerra, Ainarak edota Zure platerean hasten da mundua elikadurari buruzko dokumentala dira horren adibide.

Ainara Aiestaranek, liburutegiko arduradun berriak, literaturari buruzko egitaraua azaldu zuen. Literatura beti bezain mamitsu dator oraingoan ere. “Literatur solasaldiak izango dira, beti bezala, hilean behin, bat euskarazko liburu bati buruz eta bestea gaztelerazko bati buruz”, esan zuen. Beraz, guztira hamabi solasaldi izango dira ekaina bitartean.

Emakumeen euskal literatura mintegiak ere bere bidea egiten jarraituko du liburutegian. Alaine Agirrek gidatuta, emakume idazleen euskarazko lanak ikuspuntu feminista batetik irakurtzeko tailer honetan hainbat lan aztertzeko parada izango da. Batzuk aipatzearren, Anariren Gari eta Goroldiozko, Katixa Agirreren Berriz Zentauro edota Lorea Agirreren Trikua esnatu da.

Ipuin kontaketak ere izango dira, eta haurrak bakarrik sartu ahalko dira liburutegian prestatutako haurren txokora.

Aiestaranek nabarmendu zuenez, “aurten, bigarren aldiz, Hernanik parte hartuko du Ahoz aho jaialdian.

“Pandemiaren une gogorrenen mugak eta beldurrak atzean utzita, joan zen udazkenean aretoetara itzultzera animatu genituen herritarrak. Benetan erantzun ona izan dugu”, aipatu zuen Koro Etxeberriak, Kultura zinegotziak.