Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatari Elkarteak antolaturiko Erregetako Zozketak baditu irabazleak. Hain zuzen ere, 12.749, 13.918 eta 26.087 dira Errege Magoen zozketako zenbaki sarituak eta 500 euroko erosketa bono bana eskuratu dute irabazleek.

Gabon jaien inguruan sortzen den kontsumoak herriko saltokientzat duten garrantziaren jakitun, Azpeitiko Udalak eta Bertan Azpeitiko Merkatarien Elkarteak, Erregetako Zozketa antolatu dute beste urte batez.

Zozketa honen bidez, herriko merkataritza sustatu eta herri giroa sortzeaz gain, Azpeitian kontsumitzen duten bezeroak saritu nahi izan dituzte Udalak eta Bertanek.

Horretarako, abenduaren 26tik errege bezpera bitartean zozketarako zenbakiak banatu dira herriko dendetan erosketak egin dituztenen artean. Errege egunean burutu zen zozketa eta 500 euroko erosketa bonoa jasoko duten hiru zenbakiak jakinarazi dira. Hauexek dira: 12.749 zenbakia, Babesa moda saltokian banatua; 13.918 zenbakia, Bizi fisioterapian banatua; eta azkenik, 26.087 zenbakia, Ekain albaitaritzan banatua.

Irabazleek urtarrilaren 31ra arte izango dute saria erreklamatzeko epea.