Usurbilgo Udalak eta Noauak hitzarmena sinatu dute, elkarte horrek 650 Usurbil Bizi proiektua dinamiza dezan. 650 Usurbil Bizi Usurbilen neurrira egindako turismo eredu berria da, ohiko turismo eredutik aldentzen dena: herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza proposatzen du. Hori guztia modu parte-hartzailean eraikia izan da, herriko eragileen eta Udalaren artean, Jon Maia bertsolariaren laguntzarekin.

Honenbestez, Noaua elkartea aukeratu dute proiektu hau aurrera eramateko. Izan ere, Noaua kultur elkartea 1996an sortu zen, eta ordutik herrigintzan lan egiten du, euskararen erabilera suspertu, zabaldu eta euskal kulturgintza bultzatzeko helburuarekin.

Noaua elkarteak, orain, 650 Usurbil Bizi proiektua garatzen jarrai-tzeko ardura izango du: turismo eskaintza osatzea, webgunea eta sare sozialak elikatzea, bisita gidatuen proposamen bat egitea, antolatzea eta eskaintzea eta informazio bulegoa kudeatzea. Bisita gidatuak apiriletik urria amaiera bitartean eskainiko lituzke, eta informazio bulegoa, berriz, apiriletik uztailera eta irailetik urrira bitartean egongo litzateke irekita, ostiral arratsaldetik igande eguerdira.

Hau guztia aurrera eramateko, Noauak lanaldi erdian aritzeko langile baten bila dabil. Interesdunek bihar dute curriculuma elkartea@noaua.eus helbidera bidaltzeko azken eguna.

Eskatzen dituzten baldintzen artean, turismoa, kultura, komunikazioa edo jarduera soziokulturarekin lotutako diplomatura edo gradu baten jabe izatea aurkitzen da. Alor horiei lotutako masterrak edo graduondokoak ere onartuko dira, baita beste diplomatura baten jabe izanik, prestakuntza osagarria edo esperientzia dutenak kultura, ondarea edo turismo alorretan ere. Gainera, EGA edo baliokidea izatea eskatzen da.

Beste alderdi batzuk ere baloratuko dira, hala nola herrigintzan aritu izana, atzerriko hizkuntzak jakitea edo harremanetarako eta komunikaziorako gaitasuna izatea.