“Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?”. Hilabete honetan, Santuenean herri galdeketa egin zen. 116 auzotarrek ezetz esan zioten, eta 49k, baietz; baliogabeko boto bat izan zen.

Beraz, galdeketan, %70ak egin du eskubaloi kantxa bere horretan mantentzearen alde, eta %30ak kantxaren neurriak txikitzearen alde; parte hartzera deitutako 359 lagunetatik 166k hartu dute parte (%46ak).

Santuenea Elkarlanean talde eragileak eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolatu zuten galdeketa, eta biak ere pozik agertu ziren emaitzak jakin berritan. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Udalaren eta udal Gobernuaren izenean, parte-hartze maila nabarmendu zuen: “Ezer baino lehen, Santuenea zoriondu behar dugu. Horrelako galdeketak ez dira ohikoak, eta uste dut auzotarrek erakutsi duten ardura eta konpromisoa nabarmentzekoa dela”.

Alkateak azpimarratu zuenez, galdeketaren emaitza errespetatzeko konpromisoa hartu zuen Udalak hasieratik, eta halaxe egingo dute: “Prozesua gaur (abenduaren 17a) bukatzen da, eta Gabonetatik bueltan buru-belarri hasiko gara Auzo Plana garatzen”.

Gogoratu zuenez, auzo planak bi dokumentu utzi zituen: batetik, auzoaren egunerokoa hobetzeko behar dituen esku-hartzeen zerrenda eta bestetik, auzoak hurrengo zortzi edo hamar urteetan izan behar duen eraldaketa jasotzen duena. “Talde bat osatu dugu Udalaren eta auzotarren artean: urtarrilean bilduko gara, eta ikusiko dugu hemendik aurrera zer urrats eman behar ditugun”. Talde eragileko kideek ere lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi zuten.