Adin guztientzako ekintzak egongo dira, batez ere gazte, nerabe eta haurrentzat, Hernanin datorren asteetan Gabonak direla eta. Berrikuntzak ere izango dira. Adibidez, lehenengo aldiz Olentzero eta Mari Domingiren etorrera Udalak antolatuko du. Hori bai, herriko elkarte eta eragileen parte-hartzea izango dute: Ttarla dantza taldea, erraldoiak, galtzagorriak...

Gainera, lehenengo aldiz, goizean Mari Domingi eta Olentzero traktorean herriko auzoak bisitatuko dituzte. Ez dute geldialdirik egingo, baina herritarrek agurtzeko aukera izango dute.

Abenduaren 24ko kalejirak ohiko egitura izango du: Mari Domingi eta Olentzero Zinkoeneatik aterako dira Ttarla dantza taldekoekin eta Kaxkoan barrena ibili ondoren Gudarien plazan “mezu magikoa” irakurriko dute.

“Ttarla urte batzuk zeramatzan Udalari laguntza eskatzen eta Udalari bere baliabideak jartzea egoki iritzi dio”, azaldu zuten atzo egindako agerraldian Kultura sailetik.

Bestalde, Kultura sailak hiru urtetik gorakoentzat bi antzerki emanaldi antolatu ditu: lehenengoa abenduaren 28an eta bestea urtarrilaren 4ean.

Azkenik, Izaro abeslariak Limones de oro bere diska berria aurkeztuko du abenduaren 30ean kiroldegiko pistan, baina sarrera guztiak jadanik agortuta daude.

Kirol sailak beste urte batez ludoteka antolatu du haurrentzat abenduaren 26, 27 eta 28an kiroldegian.

Gazteria sailak, gaztelekuko ekin-tzez gain, familientzako tailerrak antolatu ditu. Zazpi urtetatik gorako gaztetxoek heldu batekin joan beharko dute eta argigrama, serigrafia eta graffiti tailerrak antolatu dituzte. Argigraman izena emateko 943 337 041 telefonora deitu beharko da. Serigrafia eta graffiti tailerrei dagokienez, gaztelekuarekin harremanetan jarri behar da (WhatsAppa: 688 823 420 edo posta elektronikoa: gaztelekua@hernani.eus).

Azkenik, Gazteria sailak hamabi eta hamazazpi urte bitartekoentzat funky eta hip hop tailerra eta muralgintza tailerrak antolatu ditu. Izena eman behar da 943 337 041 telefonora deituta.

Gabonetako ikuskizunen sarrerak dagoeneko salgai daude kultura.hernani.eus helbidean edo Biteriko leihatilan.

Migratzaileen Eguna

Bestalde, Hernaniko Udalak Giza Eskubideen Egunetik (abenduak 10) Migratzaileen Egunera (abenduak 18) doan astean ekintzak eta jarduerak antolatzen ditu, pertsona horien eskubideak aldarrikatzeko eta jasaten dituzten urraketak salatzeko.

Honela, gaur Migratzeko Eskubidearen aldeko martxa deitu da. Eguerdiko 12.00etan abiatuko da Atsegindegitik Karabel zubira joateko. Bertan, lore-eskaintza egingo da Bidasoa ibaian eta Mediterraneo itsasoan hildako pertsonen omenez, eta handik Gudarien plazara joango dira. Bertan, elkarretaratzea egingo da, herritarrak eta udal langile zein ordezkariak deituta 13.00etan.

Azkenik, hilaren 19an eta 20an, hi-tzaldi batzuk egingo dira Hernaniko institutuan, ikasleei migratzaileen egoeraren berri emateko, errealitate horietara hurbiltzeko eta dauden aurreiritziak hausteko asmoz.

Gainera, aste guzti honetan, Kulturarteko Plaza Feministan, Gari Garaialde argazkilariaren erakusketak Irungo ibilbidean zehar migra-tzen duten emakumeen errealitate latza ikusaraziko du. Aste osoan zehar Memoriaren Manta bat ere egongo da, memoria kolektibo ariketa bat, non izara gainean islatzen diren migrazio politikek hildako pertsonen izenak.

Egitaraua Amher-SOS Arrazakeria elkarteak antolatutakoa da, Hernaniko Udaleko Kulturartekotasun Arloarekin elkarlanean.