Oiartzunek 2023ko aurrekontuari hasierako onarpena eman zion azaroan, EH Bilduren aldeko bozkekin.18,76 milioi eurokoa izango da, 2022 urtean baino %1,8 gehiago. Udalak inoiz izandako aurrekonturik handiena kudeatuko du. Bilkuran, Jon del Olmok, Ogasun zinegotziak, lerro garrantzitsuenak aipatu zituen: energia trantsizioa gauzatzeko ekintzak, zaintza eta administrazioaren digitalizazioa. Zati handi batean, “2023ko aurrekontua aurreko urteetan egin diren inbertsio horietan ekintzak martxan jartzeko” bideratuko dela azaldu zuen, Landetxen egiten ari diren eraikineko kultur eskaintza sustatzeko eta jubilatuen egoitza berriko zerbitzua emateko, besteak beste.

Kulturak hartuko duen protagonismoarekin batera, “ongizatea, feminismoa eta euskara indartzen” jarraituko dutela gaineratu zuen. Aurrekontua egiteko jarraitu duten prozedura ere azaldu zuen. “Iraila hasieran udal sailetako proposamenak jaso eta lehen zirriborroa Ogasun batzordera eta auzo batzarretara” eraman zutela adierazi zuen. “Auzoetan egindako bileretan 137 pertsonek hartu dute parte eta bertatik bildutako proposamenekin eta beste zenbait ekarpenekin aberastu dugu aurrekontua”, aipatu zuen.

Bozketan, EAJ abstenitu egin zen. Janire Mitxelena bozeramaileak adierazi zuenez, “proposamenarekin zalantzak izan ditugu”: “Egitasmo batzuekin ados bagaude ere, beste zenbaitekin ez: 2022rako egin genuen pobreziaren ikerketaren proposamena ezerezean gelditu da eta tasa eta zergen igoerarekin ere ez gaude ados”. Hala ere, legealdia ezezko batekin ez dutela amaitu nahi esan zuen, urte hauetan “adostasuna izan delako nagusi”.

Aurrekontua jendaurrean jarriko da hamabost egunez eta erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz onartu-tzat emango da. Kiroldegia Udalbatzarrean beste puntu batean, covid-19ak eta elektrizitatearen garestitzeak kiroldegian eragindako galerak ordaintzeko, BPXport enpresak 290.000 euroko konpentsazio gehigarria jasotzea onartu zen.