Marijose Arregi Euskara zinegotziak eta Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak ostiral honetan arratsaldean aurkeztu zituzten Azkoitian egindako hirugarren kale neurketaren emaitzak (aurrekoak 2014an eta 2018an egin ziren), larunbat honetan ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan eta Euskaraldiari amaiera emateko antolatutako ekintzen artean.

Datuen arabera, euskararen kale erabilera %66,9koa da herrian eta ezagutza edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna %76,9koa.

Ikerketa egiteko Azkoitiko kaleetan behatutako 4.217 solaskideak zein hizkuntzatan hitz egiten ari ziren jaso da eta ikusi da %66,9 euskarazko elkarrizketatan ari zirela, %24 gaztelaniaz eta %9,1 beste hizkuntza batzuetan.

2018an egindako neurketa kontuan izanda, azken lau urteetan euskararen erabileran bi puntuko jaitsiera eman da, baina zortzi urteko epea kontuan hartuz gero bost puntuko igoera izan du (2014ko neurketan %61,3koa zen).

Sexuaren arabera, “emakumezkoetan erabilera %70,3koa da eta gizonezkoetan %62,1ekoa”.

Adinari erreparatuta, 15 eta 24 urte bitarteko gazteak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak (%83,1); haurrek eta heldu gazteek %67 inguruko erabilera erakutsi dute, adinekoek %64 eta heldu nagusiek %60,1.

Urangaren hitzetan, “azpimarragarria da beste hizkuntzek hartu duten pisua kaleko erabileran. Izan ere, haurren eta heldu gazteen kasuan %13,8 eta %12,9ko datuak bildu dira, datu oso esanguratsuak, inondik ere”. Bere ustetan “haurren erabileran dago arreta jartzeko puntu garrantzizkoenetako bat: %93 da euskaraz aritzeko gai baina kaleko erabilera %67,5ekoa da”.