Oarsoarrak Euskararen Saria emango da Pasai Donibaneko Juanba Berasategi kulturgunean burutuko den ekitaldian ostiralean, Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolaturik. Sarrera librea izango da. Aurten, Xixilio Maritxalar euskaltzale errenteriarra eta Oiartzungo Zuberoa jatetxea izango dira omenduak. Euskara Batzordeak 2010 urtetik banatzen du sari hau herritarrek euskararen alde egiten duten lana goraipatzeko.

Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek aditzera eman dutenez, eskualdeko lau Udalek, Lau Haizetarak, Oarsoaldeko AEK-k, Oarso Bidasoko Hi-tzak, Errenteriako Udal Euskaltegiak eta Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak osatutako epaimahaiak mahai gainean izan dituen proposamenak aztertu ondoren, Xixilio Maritxalarri eta Zuberoa jatetxeari ematea hobetsi du. Azaldu dutenez, Maritxalarri “euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriarengatik” egingo zaio aitortza eta Zuberoa jatetxeari, “hasiera-hasieratik jatetxean euskarari zor zaion lekua eman izanagatik eta gerora ere hala jarraitzeagatik, euskal sukaldaritza euskaraz egiten”.

Xixilio Maritxalar Labandibar errenteriarra da, 1949an, Errenteriako familia euskaldun batean sortua. Familiarengandik hartu zuen euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna. 2000. urtetik Errenteriako Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean ari da euskara sustatzen. Xixilio Mintzalaguna egitasmoaren sortzaileetako bat izan zen; argi ikusten baitzuen euskaraz bizi zirenen eta euskaraz bizi nahi zutenen arteko zubiak eraiki beharra zegoela. Orduz geroztik egitasmo horren erreferente da herrian.

Horrez gain, haurrentzako Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiraren sustatzailea ere bada Xixilio, protagonismo handiz gainera. Lau Haizetarako zuzendaritzako kide da elkartean sartu zenez geroztik eta eguneroko lanean nekaezina da, jarduera batean ez bada, bestean. Oso maite dute herritarrek.

Bestalde, 1970ean Oiartzungo Iturriotz auzoko Garbuno baserrian Arbelaiztarrek zabaldu zuten familiako jatetxea da Zuberoa. Mariak, amak, eta Angelesek, izebak, egiten zuten euskal sukaldaritza tradizionalean oinarrituz, joera berriak ere bere egin dituen estiloa da Zuberoa jatetxearena. “Familia baserrian aritzen zenean, euskaraz bizi ziren eta jatetxeko lana hartu zutenean ere euskaraz jarraitu zuten normaltasun osoz, hori baitzen haientzako bide naturala. Gastronomia alorrean diren sari ia guztiak jaso dituztelarik, Michelin izarrak eta abar, ez diote euskarari inoiz uko egin eta euren nortasun ikur izan da ibilbide guztian barrena”, adierazi dute epaimahaiko kideek. Zerbitzua euskaraz eman diote nahi izan duen guztiari eta euren sukaldean euskara izan da lan hizkuntza nagusia.

EUSKARAREN EGUNA

Asteburu honetan ekintza ugari izango dira eskualdean Euskaraldiaren amaieraren eta Euskararen Egunaren harira. Honenbestez, ostiralean kantu saioa antolatu du Lezoko Tomas Garbizuk. Ekitaldia musika eskolako kanpoaldean izango da 17.30etik aurrera eta koroak, haurrek eta talde instrumentalak Behin betiko abestuko dute. Ostiralean ere, Antxon Itzal eta Ezpalak taldeek kontzertua eskainiko dute 22.00etan Ibaiondo pilotalekuan.

Larunbatean, Errenterian 12.00etan kalejira bat burutuko da herrian zehar eta 14.30ean herri bazkaria izango da Merkatuzarren. Arratsaldean, 19.00etan, Zumardian dantzaldia izango da Trikidantza eta DJ Bull taldeekin, Euskaraldiaren herri batzordeak antolatuta.

Trintxerpen festa handia izango da larunbatean. Izan ere, Gudari plazan ipinitako karpan, egun guztian zehar, jolasak, dantza, kantu-poteoa, erromeria eta bertso bazkaria, Beñat Gaztelumendi eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin, egongo dira. Bazkariko tiketak Maite tabernan daude salgai. Gainera, Zinema Txikia zikloko saioa aste honetan Trintxerpeko alkateorde-tzan egingo da 17.30ean. Ekintza hauek Trintxerpeko Korkoiburuak taldeak Ekaitza, Bóveda, Illumbe dantza taldea, Zinema txikia eta Illumbe musika elkartearekin elkarlanean antolatu ditu eta Jai Batzordearen babesa ere izan du.