Dagoeneko hasi dira azaroaren 25aren inguruko ekitaldiak. Lehenengoak joan den astean izan ziren. Ostegunean, Nere Barjolak El caso Alcàsser y la construcción del terror sexual hitzaldia egin zuen Legazpin. Ostiralean, berriz, ButaK 21 zineklubak El acontecimiento pelikula eman zuen Zumarragan.

Urola Garaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Arloak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, hainbat ekitaldi antolatu ditu emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunaren inguruan.

Hurrengo ekitaldia asteazkenean izango da. ButaK 21 zineklubak El acusado pelikula emango du, 20.00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Pelikula honetako protagonistek Alexandre eta Mila dute izena. Asteburu batean elkar ezagutuko dute eta hurrengo egunean neskak bortxatu egin dutela salatuko du. Pelikulak gertaerek biengan duten eragina, bien izaera eta bien iritziak erakusten ditu. Gainera, baimenaren, egiaren eta sistema judizialaren inguruan hausnartzen da.

Ostegunerako beste ekitaldi bat antolatu da. Legazpiko Haztegi ikastolako ikasleek egindako sentsibilizazio lana aurkeztuko da. Ekitaldia Euskal Herria plazan izango da, 11.30ean. Aurkezpena amaitutakoan, giza katea egingo dute plazatik Bikuña kiroldegiraino. Bestalde, 13.00etatik aurrera Haztegi ikastolako ikasleen sentsibilizazio lana kultur etxean ikusgai egongo da. Astebete egongo da bertan.

Ezkio-Itsason ere ekitaldi bat antolatu da. Ostiralean, azaroaren 25ean, Ertza dantza konpainiak Otempodiz ikuskizuna egingo du Ezkioko kaskoan. Egun berean bi elkarretaratze egingo dira: bata Legazpin eta bestea Urretxu-Zumarragan. Biak 19.00etan izango dira. Legazpikoa Euskal Herria plazan izango da eta Matraka talde feministak antolatu du. Urretxu eta Zumarragakoa Areizaga-Kalebarren plazan izango da. Urola Garaiko Koordinadora Feministak antolatu du eta Beldurra eta kontrolaren aurrean justizia feminista lemapean egingo da.

Legazpiko kontzentrazioa hasi aurretik, nerabeentzako zerbitzuan egindako txapak banatuko egingo dituzte.