Tolosako Udala udaltzaingoaren Plan Zuzentzaile berria definitzen hasia da, 2023-2026 urte bitartean udaltzaingoaren jarduna gidatuko duten erronkak zein jarrai lerroak jasotzeko.

Helburua da egungo udaltzaingo zerbitzua garai zein behar berrietara egokitzen joatea, herriari zein herritarrei udaltzaingo talde “moderno zein inplikatua” buru izango duen zerbitzu hurbila eta kalitatezkoa eskain-tzeko, momentuko zein etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango dena.

Horretarako, lehen urrats gisa, hausnarketa prozesua jarri du abian Udalak. Hausnarketa prozesu horren baitan, barne zein kanpo diagnosia egingo da; barne hausnarketa udaltzaingoak berak egingo du eta kanpo azterketa, aldiz, herriko talde eta eragile desberdinekin elkarlanean osatuko da. Asmoa da bi azterketa horietatik jasotako emaitzak uztartuz, etorkizuneko bidea definitzea.

Hausnarketa prozesuak egungo zerbitzuaren hainbat alderdi izango ditu aztergai: udaltzaingotik eskaintzen diren zerbitzuak, baliabideak, harreman kanalak, lan taldearen ezaugarriak, funtzioak, barne kudeaketa, udaltzaingoaren indarguneak, ahuleziak…, besteak beste.

Udaltzaingo taldea hasia da hausnarketa lanetan, horretarako osatutako lan-taldearen bitartez. Kanpo-diagnosia egiteko, aldiz, interes taldeak definitu dira: udaletxeko sail desberdinak, brigada, alderdi politikoak, sindikatuak, Ertzaintza, Babes Zibila, ostalari zein merkatari elkartea, auzo elkarteak, elkarte gastronomikoak, ikastetxeak eta bestelako elkarteak. – M.S.S.