Zumaiako Udaleko mugimendu eta elkarte feministetako ordezkariek eta herriko eskoletako ordezkariek agerraldia egin dute aste honetan Indarkeria Matxistaren Aurkako nazioarteko egunaren harira. Zure egia, guztion ardura leloarekin aurkeztu dute eta hitzaldiak, tailerrak eta mobilizazioak izango dira azaroaren 25aren bitartean.

Egun horretan Urola Kostako Hezkidetza Foroko kideen adierazpenaren irakurketa egingo dute Eusebio Gurrutxaga eta arratsaldean Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioa izango da. Zumaiako Udaleko ordezkariek lehentasunezko konpromiso politikotzat agertu dute indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako lana, eta indarkeria matxistatik libre egongo den gizartea eraiki-tzeko guztion konpromiso eta betebeharra nabarmendu dute. Aldi berean, indarkeria matxistaren egiturazko izaera nabarmendu dute.

Gauzak horrela, gaur izango da lehen ekitaldia. El impacto invisible de la violencia machista hitzaldia eskainiko du gazteleraz Maitena Monroyk arratsaldeko 18.30ean Emakumeon Etxean.

Hurrengoa datorren asteartean egingo da goizeko 11.30ean Oxford aretoan. Bertan, Maskulinitateak lantzen tailerra jorratuko dute Soldadura Eskolako ikasleekin Daiteke Aholkularitzaren eskutik.

Azaroaren 25ean Zumaiako eskolek eginiko giza katea egongo da 11.00etatik aurrera. Martxoaren 8a plazatik irtengo dira eta Eusebio Gurrutxaga plazan amaituko dute. Bukaeran egun horretako adierazpena irakurri eta bertsoak abestuko dituzte. 19.00etan mobilizazioa egongo da.

Azken ekitaldia azaroaren 29an egingo dute. Indarkeria matxisten biktimen ahotsak: memoria, erreparazioa eta aitortza hitzaldia egongo da Oxford aretoan 18.00etan.