San Martin eguna ospatuko dute Zumarragako Agiña auzoak eta Urretxuk. Agiñako jaiak ostiralean, larunbatean eta igandean ospatuko dira. Ostiralean San Martin eguna ospatuko dute. 11.00etan meza egingo dute (prozesioarekin), 12.00etan hamaiketako herrikoia Oleta elkartean, 14.30ean jubilatuen bazkaria eta 20.30ean bertso afaria (herriko bertso eskolako kideekin).

Larunbatean, 17.00etan, haur jolasak eta toka txapelketa egingo dituzte. 18.30ean haurrentzako txokolate jana egongo da. 20.30ean, Oleta elkartean afaria nahi duten guztien-tzat, Olarte eta Lutxurdio trikitilariekin.

Jaiak igandean amaituko dira. 10.00etan meza egingo dute, 11.00etan pilota partidak jokatuko dira, 12.30ean erromeria egingo dute ZU Dantzaz taldearekin, txalapartariekin eta bertsolariekin eta 15.00etan Oleta elkartean bazkaria egingo dute Miren eta Agurtzane trikitilariekin eta bertsolariekin. Bazkaria inguratzen diren guztientzat izango da. Bestalde, goizean zehar hamarretakoak emango dira (buzkantza, txorizo egosia, ardi gixatua…).

Urretxun San Martin eguna ospatuko dute bihar. Aurten ere Abenduko Feria San Martin egunean ospatuko da. Ekitaldi guztiak Iparragirre plazako karpan izango dira.

17.00etan lanabesak eta otarrak zozkatuko dira. Zozketan baserritarrek parte hartuko dute. Ordu berean, haurrentzako jolasak eta txokolate jana egongo dira. Opariak egongo dira parte-hartzaileentzat.

18.00etan, Urretxu-Zumarragako herri kirol elkarteak antolatuta, herri kirol erakustaldia egongo da.

19.00etan odolki pintxo dastaketa hasiko da eta 19.30ean Iparragirre Balerdi musika tailerraren eta Lizarriturri txistulari taldearen kalejira. Arratsalde osoan zozketa baterako txartelak salduko dira. Bi urdaiazpiko zozkatuko dira, 21.00etan. Bildutako dirua Elikagaien Bankuari emango diote.