Lasaoko bizilagunek San Martin jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan zehar, ohitura dutenez, egitarau zabalarekin.

Hasteko San Martin eguneko meza izango da ostiral honetan (11.00etan) eta horren ondoren, auzoko adinekoentzat hamaiketakoa (11.30), txupinazoa (20.00) eta bertso afaria (20.30). Afarian Oier Etxeberria eta Andoni Egaña bertsolariek eta Hitzeder eta Txibilter trikitilariek parte hartuko dute.

Larunbateko egitaraua auzoko haur eta gaztetxoek 12.00etan botako duten txupinazoarekin hasiko da. Hortik aurrera, buruhandien kalejira, Iago magoaren ikuskizuna (12.30), gaztetxoen bazkaria (14.00), puzgarriak (16.00) eta txokolatada (17.00) egongo dira.

San Martin jaiak borobiltzeko Lasaoko baserritarren nekazal produktuen eta abereen azoka izango da igandean (11.00etatik aurrera) frontoian. Eguerdian, Idiakaitz txistulari taldearen, erraldoien eta buruhandien kalejira izango da; eta azkenik, polka dantza saioa (13.00etan).