Datorren larunbatean itzuliko da Mundualdia ohiko formatuan. Jatorri aniztasunaren jaiak usurbildar guztien arteko ezagutza eta harremanak sustatzeko helburua du eta horretarako egun osoko egitaraua prestatu da, herriko hainbat eragileren elkarlanari esker.

Egun horretan aurkeztuko duten Aniztasun Kontseilua ari da Mundualdia antolatzen, jatorri aniztasunean eta elkarbizitzan sakontzeko bestelako lanak egiteaz gain.

Festaren aurkezpenean, Aintzane Iribar Aniztasun Kontseiluko kideak azaldu zuenez, ohiko formatuan eta “indarberriturik” itzuliko da aurten Mundualdia: “Herriko beste eragileekin elkarlanean aritu gara, eta osatu dugun egitaraua bada horren isla”.

Azaroaren 4an, bezperan, Oinherri herri hezitzailearekin batera, tertulia filosofikoak antolatu dituzte LH6ko ikasleentzat; Potxoenean izango dira, 18.00etan.

Azaroaren 5ean, egun osoko egitaraua izango da. Goizean, Zirimararekin, gaztelekuarekin eta Noauarekin batera, munduko beste herrialdeetako haurren jolasez gozatzeko aukera izango da. “Jolasa ezinbesteko bitartekoa da kulturartekotasunean sakontzeko, eta herrikide ditugun beste jatorrietako umeen jolas ohiturak ezagutzeko”, azaldu zuen.

Arratsaldean, berriz, Aniztasun Kontseilua publikoki aurkezteaz gain, jakiak dastatzeko aukera izango da. Hainbat postu jarriko dituzte, besteak beste, Venezuela, Nikaragua, Sahara, Nigeria, Pakistan, Kuba, Galizia eta Mongoliakoak. “Zinez eskertu nahi dugu parte hartzera animatu direnak: jakin badakigu lan handia hartzen dutela egun horretan euren herrialdeetako jakiak prestatzen, gu guztiok ezagutu eta probatzeko”, azpimarratu zuen Kontseiluko kideak. Horren ostean, musika emanaldiak izango dira: “Herrian hamarnaka musikari ditugu, baina gutxi dakigu beste jatorri bat duten herrikideen sorkuntzaz edota gaitasunez”, esan zuen Iribarrek. Hala, Alvaro eta Saul herrikide nikaraguatarrak batetik eta Kawadeni taldea bestetik Afrikako doinuekin arituko da.

Hitzaldia

Mundualdiko azken hi-tzordua azaroaren 10ean izango da, harrera protokoloari lotuta. Mario Zapatak hitzaldia emango du (Potxoenean, 18.00etan), Etorri berrien harreraren garrantzia: guztiok dugu zeregina izenburupean. “Etorri berrien harrera integrala lantzeko gakoak emango ditu: interesgarria izango da, gaian sakondu nahi dugun guztiontzat”, adierazi zuten Aniztasun Kontseilutik.