Usurbil – Hilabete honetako ezohiko osoko Plenoan aurkeztutako hirigintzako plan orokorrari, HAPOari, ezetza eman diote Usurbilgo EAJ/PNVko udal zinegotziek. “Usurbilek gaur egun dituen arazoei ez dielako irtenbiderik ematen eta ezta ere erantzunik usurbildarrek datozen 20 urteetan izango dituzten erronkei”, adierazi dute ohar batean.
Jeltzaleen esanetan, Plan Orokorrak oztopo ugari jartzen ditu eta proposatzen diren planeamendu batzuk oso nekez beteko direnak edo aldez aurretik beteko ez direla jakinda egindakoak direla diote, Etxealdiako kasuan: “Hemen egin den planeamenduak ez du aprobetxatzen Kale Nagusiari jarraipena emateko dagoen aukera paregabea eta auzoa eta herrigunearen lotura naturala ekarriko zuena”.
Bestalde, lurzoru urbanizagarri gisa sailkatutako azalera oso eskasa da jeltzaleen aburuz, kontutan izanda etorkizuneko beharrei erantzun beharko diela.
Gainera, auzoen arteko komunikazioa hobetzeko azpimarratzen dute dokumentuak ez duela proposatzen oinezkoentzat eta bizikletentzat bideak egiteko lur erreserbarik.
Azkenik, landa eremuaren alorrean, EAJk dio nekazaritzak, abeltzaintzak eta basogintzak dutela lehentasuna bestelako erabilerak debekatuz. “Horrela ez da ulertzen nekazaritza eta abeltzaintza industria berriak ez baimentzea eta ezta ere arrantza industriarik batez ere Aginaga auzoan”. “Gaur egun, oso onartuta dago landa-eremurako funtzio-aniztasunaren kontzeptua finkatzea”, adierazi dute.