Azkoitiko Zubiaurre igeri elkarteak 30 urte betetzen ditu aurten eta hori ospatzeko herritar guztien partaidetzari irekitako egitarau zabala antolatu du datorren larunbaterako.

Jardunaldia abiatzeko elkarteko talde nagusiaren igeriketa saioa izango da (9.30ean) Elkarguneko igerilekuan. Hori amaitu bezain pronto (13.00ak aldera) igeri elkarteko lagunek Elkargunetik hasiko den kalejira egingo dute erdiguneko kaleetan zehar eta horren ondoren lagun arteko bazkaria egingo dute Joseba jatetxean (bazkalostea giro-tzeko Garazi eta Salaren emanaldia izango da).

Edonola ere, azken hiru hamarkadetan Azkoitiko herriari poz handiak eman dizkion kirol elkartearen urteurrena ospatzeko ekitaldiak ez dira horretan geratuko eta 16.00etatik aurrera nahi duten haur guztientzako jolasak egongo dira Herriko Plazan.

Jardunaldia borobiltzeko azkoitiarrek The Potes taldearen kontzertu batekin disfrutatu ahalko dute Balda plazan (20.00etan hasita).

Azkoitiar guztiak gonbidatuta daude larunbaterako prestatutako ekitaldietan parte hartzera. – J.Leon