Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) mailako Beldur Barik ikus-entzunezko lanen lehiaketak hamahiru edizio daramatza dagoeneko gazteen artean. Gainera, aurten lehen aldiz Beldur Barik tokiko lehiaketa antolatu da Pasaian.

Lehiaketaren xedea da emakumeek jasaten dituzten bereizkeria egoerei aurre egiten dieten neska-mutilen adierazpenak aintzat har-tzea, balioestea eta bultzatzea.

Lehiaketara aurkezten dituzten ikus-entzunezko lanek errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarreren adierazgarri izan behar dute.

Lehiaketara hamabi eta hogei urte arteko gazteek aurkez daitezke eta hiru kategoria bereizten dira adinaren arabera: Lehenengoa, 2010 eta 2008 urteen artean jaiotakoak; Bigarrena, 2007 eta 2005 urteen artean jaiotakoak eta Hirugarrena, 2004 eta 2002 urteen artean jaiotakoak.

Lanak aurkezteko epea azaroaren 11n bukatuko da eta Beldur Bariken webgunearen bitartez egin behar da (www.beldurbarik.eus).

Edozein adierazpen artistikori lotutako lanak aurkeztu daitezke lehiaketara, baldin eta ikus-entzunezko euskarrian aurkezten bada. Lan guztiak lehiaketa nagusira aurkeztuko dira eta, gainera, herri mailako lehiaketan ere hartuko dute parte.

Pasaiako Beldur Barik lehiaketako sari banaketa azaroaren 23an izango da. Informazio gehiago eta zehaztasunak www.pasaia.eus helbidean aurki daitezke. – A.M.